"Edukiontziekin txoko honek daukan xarma guztia galduko du"

Baleike 2017ko abe. 18a, 18:18

Hondakinak biltzeko sistema berria dela eta, edukiontziak Zumaia etxearen aurreko plazatxoan jarriko dituztela jakin berri dute Goiko kaleko bizilagunek. Erabakiarekin konforme ez eta sinadurak biltzen hasi dira.

Zumaia etxean bizi da Ricardo Torre, Goiko kaleko San Juan Plazan. Udalak eraikineko horman jarritako kartelaren arabera, herriko eraikin zaharrenetakoa da. Jauregia ere deitzen zaio. Etxearen aurrean badago plazatxo bat, Sanjuaniturriaren bila joandako bisitarien eta inguruko bizilagunen atsedenleku. "Zuhaitzen gerizpean eseritzen dira udan turistak; katekesiko haurren gurasoak-eta, hemen egoten dira, eta bizilagunak ere bai", diote inguruan bizi diren bi herritarrek. Torrek etxe atarian sinadurak biltzeko jarri duen mahaira gerturatu dira, sinatzera. Ez dute ulertzen nola jarriko dizkieten edukiontziak plazan, eserleku batzuk kenduta. "Bere garaian hemen kotxea uzten genuen; plaza egin zutenean aparkalekuak galdu genituen eta kostatu zitzaigun ohitzea, baina plaza honetan orain edukiontziak jartzea ez dugu ulertzen. Plaza txikia da eta edukiontziekin erabat itsusituko dute".

Edukiontziak gaur egun Angeles Sorazu aldaparen goialdean daude jarrita. "Joan den astean herritarrekin egin zituzten bilera horietako batera joan nintzen", hasi da Torre esplikatzen; "etxera bidalitako orrian ez nuen garbi ikusten edukiontziak non jarri behar zituzten. Galdetu nuen eta han esan zidaten plazan jarriko zituztela". Udalera jo zuen Torrek kokapen berriaren arrazoiaren bila, eta azalpenak emango dituztela erantzun zioten. "Sistema berrian otsailaren 1ean martxan egongo bada, konturatzerako edukiontziak plazan dauzkagu. Ni ez nago zain egoteko prest, eta bizilagunen artean sinadurak biltzen hasi naiz. Plazatxo hau da Goiko kalean aisialdirako gelditzen den espazio bakarrenetakoa. Hemen edukiontziak jartzeko eserlekuak kenduko dituzte, eta txoko honek daukan xarma guztia galduko du".

Torreren argazki muntaiaren arabera, itxura hau izango luke plazak edukiontziekin.

Ordu erdiko tartean Torreren etxepetik pasa diren dozena erdi lagunek sinatu dute agiria. "Hau lotsagarria da. Ez al dira konturatzen hemendik bisitari piloa pasatzen dela iturria dela eta ez dela. Eta gero turismoa eta alde zaharra bultzatu nahi dituztela esango dute", agertu da haserre Sanjuaniturriaren alboan bizi den herritar batek. Goiko kaleak beste mota bateko neurriak behar dituela dio Torrek. "Alde zaharra biziberritzeaz hitz egiten da askotan, eta urteak daramatzagu hitz horiek entzuten, baina ez dute ezer egiten eta ez dute erraztasunik ematen. Plan berezi bat egin behar da benetan Goiko kaleari bizitza eman nahi bazaio".

Torreren ekimenak eman du zeresana sare sozialetan. Goiko kaleko bizilagunak batzar batera deitzea izango da Torreren hurrengo urratsa. "Ea bihar orriak jartzen ditudan etxe ataritan; Jakin badakit jendea oso haserre dagoela erabakiarekin eta ea denon artean zerbait lor dezakegun". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide