Kolorez betetako dantza saioa eskainiko dute Astinduk eta Korrontzik abenduaren 29an

Baleike 2017ko abenduaren 19a

Korrontzi Benefic izeneko dantza emanaldia egingo da abenduaren 29an Maria eta Jose ikastetxeko areto handian, 20:00etan, Korrontzik eta Astindu Zumaiako dantza taldeak antolatuta. Sarrerak aurrez salgai daude turismo bulegoan 10 euroan. Agortuko ez balira egunean bertan Maria eta Josen izango dira salgai 12 euroan. Biltzen den diru guztia Vass San Filippo Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango zaio.

Maria eta Joseko aretoa hilaren 29an beteta egotea espero dute antolatzaileek. Hitz egiteko geratu garen arratsaldean oso bestelako itxura du aretoak: Bi elkarteetako kide batzuk izan ezik, erabat hutsik dago aretoa.  Entsegu saioa dute eta Zumaiako dantzariek etxeko lanak ondo egin dituzten erakutsi beharko diete Korrontziko Agus Barandiaran trikitilariari eta Izaskun Iturri dantza irakasleari.

Korrontzi Dantzan proiektua dago abenduaren 29an Zumaian ikusiko den emanaldiaren atzean. “Azken 10 bat urtetan hainbat koreografia egin dira gure musikaren gainean. CD/DVD batean dantza horiek guztiak berriro grabatu genituen. Ez hori bakarrik. Dantza talde askok galdetu izan digu ea non ikasi ahal dituzten koreografia horiek. Hasi ginen dantza talde hauen entsegu lokaletara joaten eta Izaskun hasi zen dantza irakasle bezala. Ordutik 40-50 emanaldi egin ditugu Euskal Herri osoan, baita Madrilen eta Bartzelonan ere”, dio Barandiaranek.

Orain urtebete inguru hasi ziren Astindukoak eta Korrontzikoak emanaldi bat egiteko tratutan. “Proiektua hori izango litzateke. Gero, iaztik hona Korrontzi Benefic izeneko proiektua dugu eta, datak ikusita, ongintzazko emanaldia izatea erabaki dugu”. Hala, Astinduz gain, Euskal Herriko hainbat tokitako dantza taldeak etorriko dira egun horretan Zumaiara. “Proiektua biribilduko du horrek”.

Euskal tradizioan oinarritutako emanaldia izango da, “baina proposamen berriekin. Guk tradizioa hartzen dugu, soinekoak jarri eta proposamen berriak eskaintzen ditugu. Musikak eta dantzak tradizioan oinarrituta daude, baina ideia berrituekin”.

Astinduko dantzariekin lau entsegu saio izan dituztela dio Iturrik. “Gure koreografiak irakatsi dizkiegu, baina, beti ere, beraiein ezaugarrietara moldatuta. Beraien proposamenak egiteko aukera ere luzatu diegu. Errai beretik datozen dantza mugimenduak dira eta erraza da txertatzea eta moldatzea”.

Emanaldi biziak

“Emanaldi bakoitza desberdina da”, gaineratu du Barandiaranek. “Egokitzen da dantza taldeari, espazioari, faktore asko daude aldatzen direnak eta Korrontziren emanaldiak berriak dira eta bizirik daude”. “Jantziak ere desberdinak izaten dira. Batzuk tradizionalak izango dira, baina badira egunerako sortu diren jantziak ere”, azpimarratu du Iturrik.

Aretoko besaulkitik euskal jai bat ikusteko aukera izango dela diote. “Musika, dantza, jende pila agertokian. Erritmo eta kolore aldetik sekulako jaia izango dela esan dezakegu”.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide