'Mari' liburuaren aurkezpena egin da gaur arratsaldean Oxforden

baleike 2017ko abenduaren 19a

Zumaiako Udalaren laguntzarekin, Mari liburuaren aurkezpena egin dute arratsaldean Javier Carballo eta Xabier Alberdi egileek. Liburua 12 euroan erosteko aukera dago Alondegia kultur etxean, Zumaiako turismo bulegoan eta Donostiako Untzi Museoan.

Abenduaren 5ean Donostiako Untzi Museoan egin zuten aurkezpen ofizialaren ondoren, Zumaian egin da bigarrena. Jose Maria Zubiaren, Mari, bizitza kontatzen da liburuan, eta egileek elkarrekin egiten duten bigarren lana da.

Zumaiako Udalak Mariri buruzko ikerketa lana osatzeko eskatu zien biei, eta horrela sortu zen liburua egiteko ideia. Oinarri gisa, Udalak berak 2004an atera zuen beste liburuxka bat hartu dute. "Gorostola eta Alberdik idatzi zuten, eta 150 urtetan hainbatek Mariri buruz idatzitako biltzen du", kontatu dute idazleek.

Getariako ontzi bateko marinelak salbatzera irtenda hil zen Mari Donostiako badian, iaz 150 urte. Artxiboko lanak egin dituzte batez ere liburua osatzeko, eta gustura dira emaitzarekin.

Baina, zergatik izan zen Mari goraipatua? Zergatik bihurtu zen mito? Alberdiren hitzetan, "ez diot meriturik kendu nahi inolaz ere, baina zein momentu historikotan bizi zen erreparatu behar dugu. XIX. mende erdi aldean bizi izan zen, eta garai hartan mundu zaharraren eta berriaren arteko dilema egon zen. Mundu berria sortzen ari zen, mundu zaharra eroriz. Itsasoa zen ekonomiaren ardatz nagusia ordura arte, baina aldaketa garaia zetorren eta industriak indarra hartu zuen. Hala, itsasoarekin lotura zuten pertsonak, azkenak bezala ikusten ziren, eta horrek mitifikazioa eragin zuen. Gainera, ez dugu ahaztu behar erromantizismo garaian zeudela...".

Mariren baloreek gaur egun ere jarraipena izan dute, eta itsas salbamenduaren garrantzia ezinbestekoa da. Hain zuzen, Zumaian sortu zen estatuko lehen itsas salbamendu elkartea ere.

Erlazionatuak

Mari, mito baten historia

Baleike 2017 abe 05 Kultura

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide