Errefuxiatuen Harrera Taldearen aldeko kontzertua emango du, gaur, ZUMBek

Baleike

Argazkia: Sara Utrera

Zumaiako Udal Musika Bandak, urte amaierarekin batera, ongintzazko kontzertuak eman izan ditu azken urteotan, diru bilketa egin eta ongizatean lan egiten duen talde edo proiektuak laguntzeko. ZUMBen kontzertua gaur izango da eta iaz egin bezala, aurten ere Errefuxiatuen Harrera Taldearentzat bideratuko du bildutako dirua. Emanaldia 19:30ean hasiko da Oxford aretoan. Itsulapiko bat jarriko da dirua biltzeko eta materiala ere salduko da.

Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen taldeak errefortzua izango du. Bandako kideekin batera Musika Eskolako ikasleek hartuko dute parte, eta baita ere Musika Eskolako Flysch Kameratak ere. Sei obra joko dituzte musikariek: New York, New York, Tribute to Louis Armstrong, Moonlight Serenade, Something stupid, My way eta A Christmas Dance Party.

Kontzertuak atariko bat izango du, ordea. 18:30ean, parrokiko kanpaikadarekin batera, txalupa bat abiatuko da kirol portutik eta Arranplan harrera egingo zaie ‘errefuxiatuei’. Banda bera egongo da zain bertan eta musikarekin emango diete ongietorria. Gero, Bandarekin, kalejiran joango dira Alondegira.

Emanaldian zehar etenaldi bat egingo da eta 1937an Zumaiatik kanporatuak izan zirenen eta, gaur egun, errefuxiatuek munduko hainbat tokitan pairatzen duten tragediaren irudiak emango dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide