Infernua ordu eta erdira

Baleike 2017ko abenduaren 22a

Zuberoako mugan egon zen Gurseko kontzentrazio eremuaren inguruko erakusketa zabaldu da Oxforden. 6.500 euskal herritar egon ziren eremu hartan Gerra Zibila amaitu zenean.

Frantziako hegoaldean, Zuberoako mugan, zegoen Gurseko kontzentrazio eremua historiaren laino edo lokatz artean galdutako gaia da. 1939an zabaldu zuen Frantziako armadak Gerra Zibilaren amaieran muga zeharkatu zuten euskal, Errepublikako eta Brigada Internazionalistetako gudariak bertan barneratzeko. Sei urte geroago itxi zuten eta, lotsarengatik edo, haren historia ezkutatu nahi izan dute. Azken hamarkadatan eremu horren historia berreskuratzeko lanak abian jarri dira.

Memoria historikoa berreskuratzeko lan horien artean dago herenegun Alondegiko Oxford aretoan zabaldu zen Gurs experiences erakusketa. AskatasunArte taldeak abian jarritako proiektua da hau eta, panel informatiboez gain, argazkiez eta Gurseko eremutik pasa zirenen bizipenak jasotzen dituzten bideoez osatzen da. Erakusketa hau urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

1939an, Gerra Zibilaren amaierako pandemoniumean, 500.000 pertsona inguruk zeharkatu zuten Frantziako muga. Frantziarrek ez zituzten, ordea, eskuzabalik hartu. Kataluniatik pasa zirenen kasuan, gizonezkoak hondartzetan utzi zituzten, eta emakume eta haurrak barrualdeko herrietara eraman zituzten. Muga zeharkatu eta Iparraldean eta Bearnon zeuden gudariak, berriz, Gursen zabaldu zuten eremu batera eraman zituzten. «Beraien jaioterrietara hurreratzeko barneratu zituztela pentsatzen zen, baina zenbait jende eremua zabalik izan zen sei urteetan bertan izan zen», adierazi zuen Alejandro Santosek, AskatasunArte taldeko kide eta Gurs, un recuerdo desde el olvido dokumentalaren egileak.

Hasiera batean 18.000 pertsona barneratu zituzten Gursen, kalitate kaskarreko barrakoietan. «Euskal gudariak eta Errepublikako, abiazioko eta Brigada Internazionalistetako soldaduak sartu zituzten hasiera hartan». Gursen barneratutako euskaldunak 6.555 izan zirela kalkulatzen da. 1940an, naziak Frantzian sartu zirenean, ultraeskuindarrentzat «jendilaje» bezala ikusten zituztenak ere sartu zituzten: Errepublikako soldaduen familiak, juduak, komunistak, masoiak, librepentsalariak, etab. Gizateriaren pasarte iluneneko baten parte ere bada kontzentrazio gune hau, naziek Azken Konponbidea, juduen hilketa masiboa, abian jarri zutenean, Gursetik irtendako konboiek Auschwitzen amaitu baitzuten.

Berez, Gursen ez zuten sarriskirik egin, «baina, hotzagatik, goseagatik edo baldintza txarrengatik 12.000 pertsona hil ziren». Horrek, eta eremu honek historia liburuetan apenas lekurik ez duela ikusteak, sutan jartzen du Santos. «Pentsatzea hemendik ordu eta erdira jendea sufritzen eta hiltzen ari zela...», zioen hasperen batekin. Bere ustetan Gursek zer ikusi handia du gurekin. «Alde batetik, gure familiarteko asko bertan barneratuak egon zirelako eta, bestetik, gugandik hurbilena dagoen kontzentrazio eremua delako».

Gurs: garaiko artearen aldarria

Kulturarekin lotutako ekitaldiak egin izan ziren Gurseko lehen urteetan eta bertan barneratuak izan zirenek egindako eskultura, margo eta marrazkien bidez guneko bizitzaren berri izan daiteke. Bigarren Mundu Gerra hasierako Frantzian sona handia izan zuten Gursen egindako artelanek. Urteak aurrera joan ahala, artearekin lotutako jarduerak bertan behera utzi ziren.

Gurseko kontzentrazio eremua gai bezala hartuta, AskatasunArte taldeak lehen arte lehiaketa jarri zuen abian eta emaitzak Gurs bertan erakutsi zituen. Haren ondoren, Gursen barneratuak izan ziren zenbait pertsona ezagutu zituzten eta horrek Gurs, un recuerdo desde el olvido dokumentala egitera eraman zituzten. Bizipen horietako asko ez ziren sartu dokumentalean, baina Oxforden dagoen erakusketan ikus daitezke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide