Imanol Lopezek Jai Alai World Tourreko finala jokatuko du

Baleike 2017ko abenduaren 23a

Mikel Egiguren donostiarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutako bikoteak Jai Alai World Tourreko finala jokatuko du gaur arratsaldean Durangoko Ezkurdi frontoian. Atarian, Gotzon Enbilen agurreko partida jokatuko da. 

Egigurenek eta Lopezek osatutako bikotea da txapelketa hau irabazteko faboritoa. Atzo jokatutako finalaurrekoan, baina, nahikoa lan izan zuten Barandikari eta Aldazabali irabazteko. Lehiatutako bi setetan nagusitu ziren Egiguren eta Lopez. Lehenengoa 15-12 emaitzarekin amaitu zen eta bigarrena 15-13. 

Finalean Beaskoetxea eta Ekhik osatutako bikotea izango dute zain. Jaialdia 18:00etan jokatuko da. Atarian, Gotzon Enbil atzelari zumaiarraren agurreko partida jokatuko da. Bi hamarkadako ibilbideari agurra esango dio eta Roke Alberdirekin batera, Arrieta eta Garitaren aurka arituko da. 

Atzo Cesta de Nadaü txapelketako finala jokatu zuen, Paben. Aimarrekin osatu zuen bikotea eta aurrean Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Urtasun izan zituen. Azken hauek izan ziren irabazleak, bi setetan: 15-12 eta 15-13.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide