2018rako udal aurrekontuak onartu ditu plenoak

Baleike 2017ko abenduaren 29a

Ostegunean egindako abenduko ohiko batzarrak Zumaiako Udalaren 2018. urteko aurrekontuak onartu zituen, EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduko zinegotziak abstenitu egin ziren. 

13,6 milioi euro (1.634.820 euro) izango ditu Udalak datorren urterako, iaz baino 675.781 euro gehiago. Kopuru horri Kirol Patronatuaren 1.336.779 euroa gehituta, aurrekontu bateratua 14.385.599 eurokoa izango du Udalak.

Mari Cruz Alvarez ogasun zinegotziak aurrekontu hauen irakurketa egin zuen. Zumaiarrak ardatz hartuta, “herritarren bizi kalitatea hobetu eta bermatzea lehenetsi” dutela adierazi zuen. Zenbait programa “berritzaileren” berri ere eman zuen, hala nola, nagusien behatokia, Memoria tailerra, Gazte on programa, Atorgune, etab. Aurrekontu hauek arlo gehienak “ukitu eta indartzen” dituztela ere adierazi zuen: “gizarte zerbitzuak, hirigintza, gazteria, berdintasuna, kirola, mugikortasuna, irisgarritasuna, hezkuntza, euskara, turismoa, kultura, ingurumena, etab.”. “Aurreko urteetan izendaturiko helburuei ere jarraipena ematen die, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea, herritarrei eskaintzen zaizkion zerbitzuak bermatzea, herritarron bizi kalitatea hobetzea, Zumaiako eraikin publikoak mantentzea eta berriztatzea, kaleen mantentzea eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteria publikoa,… Hau da, zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzea dira helburu nagusiak, beti ere, udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatuz”, adierazi zuen Alvarezek.

(Aurrekontuetan jasotzen diren proiektuen berri eman zuen Udalak orain bi aste. Hemen irakurri dezakezue) 

2 milioi inbertsiotarako

Aurrekontuen %15,34 bideratuko da inbertsioetarako, hau da, 2.090.969 euro. Horiei Santiago hondartza eta inguruko eremua egokitzeko Madrilgo Kosta Zuzendaritzatik etorriko diren 1,7 milioiak gehitu behar zaizkie.

Zumaiako Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrerako 40.000 euro gordeko dira aurten, baina datozen urteetarako konpromisozko kredituak izendatu dira (136.337 euro urteko) eta, orokorrean, 450.000 euroko inbertsioa egiteko aurreikusten da. Hirigintzako azterlanetarako (Patxita Etxezarretako berrurbanizazioa, Santiagoko saneamendua eta ur hornidura, Marianton haur parkearen proiektu eta obra zuzendaritza, etab.), 160.705 euro jasotzen dira. Mugikortasun eta irisgarritasunaren atalean, 625.367 euro gordeko dira, besteak beste, San Jose kaleko igogailua jartzeko, Larretxoko igogailua jartzeko proiektua idazteko, eta, mugikortasuna eta aparkamendu erregulazioarekin lotuta, ibaiaren garraio zerbitzua bikoiztu eta Txu-txu trena jartzeko. Aparkaleku sistema herri osora zabaltzeko, berriz, 356.760 euro gordeko dira.

Emendakinak

Aurrekontuak bozkatu aurretik, EH Bilduk aurkeztutako hiru emendakin aztertu ziren. Hasteko, Urola Kostako Hitza hedabideak jasotzen duen diru-laguntza 17.000 eurotik 20.000ra igotzea eskatu zuen EH Bilduk. Bigarren emendakin batean, berraztertze prozesuan dagoen Udalbiltzarentzat 10.000 euro gordetzea jaso zuten, eta, hirugarrengoan, Alokairu Beka aurrekontu proiektuan jasotzen ziren 63.000 eurotik 100.000ra igotzea eskatu zuten. Hiru emendakinak atzera bota zituen batzarrak, EH Bilduren aldeko botoekin (6) eta EAJ-PNV (6) eta PSEren (1) ezezko bozkekin. 

EH Bilduren abstentzioa, sozialisten babesa

Bozketaren orduan, alderdi sozialistak aldeko botoa eman zien aurrekontuei. “Udal Gobernuarekin gauzak lantzeko aukera izan da”, goraipatu zuen Arritxu Marañon zinegotziak. “Aurrekontu kontinuistak dira eta nahiko sozialak. Garrantzia ematen zaio Gizarte Zerbitzuen sailari, baita hezkuntzari ere. Aparkamenduen sistemarekin jarraituko da, herri guztira zabalduta, eta inbertsioak ere jasotzen dira. Ea oraingoan gauzatzen diren”.

EH Bilduren kasuan, aurrekontuak lantzerako orduan erabilitako prozedurak eraman du abstenitzera. Joseba Azpiazu zinegotziak egindako irakurketan, EH Bilduk aurkeztutako proposamen batzuk onartu izana txalotu zuen eta proposamenean jasotzen ziren inbertsio batzuk zentzuzkoak zirela ere adierazi zuen. Baina, plenoaren amaieran Alex Oliden bozeramaileak prozedura salatu zuen. Bere esanetan, “abenduaren 12an aurkeztu zitzaizkigun aurrekontuak eta abenduaren 20a arte genuen lantzeko aukera, 21ean diktamena aurkeztu behar baitzen. Gure iritziz, epe horretan lanketa handirik ezin da egin. Batzordeak biltzea eskatu genuen, baina, kasu batzuetan ez dira bildu ere egin. Hilaren 12an aurkeztu eta 28an onartu behar badira, lanketa on bat egitea ez da posible. Horregatik, abstenitu egingo gara”. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide