'Begirada anitzak' ikuskizuna aurkeztu du Trio Zukanek San Telmo Museoan

Baleike 2017ko abenduaren 31

Musika, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen Begirada anitzak ikuskizuna aurkeztu zuen atzo Trio Zukanek Donostian, San Telmo Museoko elizan. Serten margoak lekuko, kultur esperientzia anitza eskaini zuen Maria Zubimendi zumaiarra kide duen hurukoteak. 

Lantzeko Inauterietako pertsonaien inguruan sortutako obra batekin hasi zen emanaldia, baina, berehala ikusi zen ez zela 'ohiko' kontzertua izango: bigarren zatian Amaia Elizaran eta Eneko Gil dantzariak atera ziren koreografia bat errepresentatzera.

Ilunpean, Stockhausenen Tierkreis obra eskaini zuen Omer Eilam israeldarrak, eta, ondoren, pantailan erakutsitako irudiez lagunduta, sare sozialen inguruko hausnarketa egin zuen hirukoteak, Escuderoren Custom #2 obrarekin. 

Perkusioak izan zuen amaieran protagonismoa. Hasteko, lorontzien bitartez, Grezia klasikoko testu bat oinarritzat duen F.A.Rzewiskiren To the Earth obra jo zuten. Zaldien hiru masailezur instrumentu bezala erabilita, Equid H. Moralesen obra batekin amaitu zuten ikuskizuna, hemen ere, bi dantzarien parte-hartzearekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide