Waterworld

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2018ko urt. 8a, 10:58

Elkarrekin aplikatu zaizkigu ilargi betea, marea biziak eta itsaskia, olatutzarrekin. Urak gora egin duenean, pelikula batekin akordatu naiz.

Gurean, erraza da mareen eta itsasoaren eraginaren arrasto nabarmenenak ikustea: olatuak barraren gainetik saltoka, itsasgoran; bagak ibaian gora eta Arranplatik Moilara irteten, abiada hartuta bezala; Moilaberrian ur-zorrotadak, Yellowstoneko geiser txikiak... Kirol-portuan, aspaldian ahaztuta dirudien belero honi begiratuta, ertzan hasi zaion landarea ikusita, Waterworld pelikularekin akordatu naiz, ezinbestean; film hartan, lehorrik ez zegoen, dena zegoen urez estalia; Kevin Kostnerrek belaontzian landare bat zeraman, eta altxorrik handiena bezala zaintzen zuen, hura zelako aurretik nonbaiten lurra izan zelako adibide. Film haren argumentuari helduta, akordatu naiz aldaketa klimatikoarekin, poloak urtzen ari direla, itsas maila igo egingo dela... Berriz ere belaontzi ahaztuari begiratuta, landarea ikusi dut orain negu-neguan eta uzkurtuta, eta imajinatu dut udaberrian, indarberrituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide