Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Inauterietako saioetarako sarrerak asteartean jarriko dira salgai

Baleike 2018ko urtarrilaren 27a

Azken urteotan bezala, aurtengo Inauterietan ere Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bi emanaldi izango dira Zumaian. Pailazoak, oraingoan, Borobilean ikuskizunarekin etorriko dira. Otsailaren 12an izango dira emanaldiak, 15:00etan eta 17:30ean, eta sarrerak astearte honetan jarriko dira salgai. 

Iaz egin bezala, Alondegian eta Aitzuri frontoian jarriko dira salmenta puntuak. 17:00etatik 18:30era bitartean egingo da sarreren salmenta. Sarrerak 6€ balioko ditu eta gehienez, pertsonako 6 erosi ahal izango dira.

Guztira 1200 sarrera egongo dira salgai, 600 emanaldi bakoitzerako. Azken 10 urteetan inoiz ez dira guztiak agortu, horrenbestez, salmenta egunari begira, lasaitasun mezua helarazi du Udaleko kultura sailak eta jende ilarak osatzeko beharrik ez dagoela adierazi du, guztientzat adina sarrera baitaude.

Lehen egunaren ondoren, hilaren 31n, asteazkenean, Alondegia kultur etxean erosi ahal izango dira salgai gelditzen diren sarrerak. Ordutegia 11:00-13:00 eta 17:00-18:30 bitartean izango da. Ondoren sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, otsailaren 11a arte.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide