Bigarren urtez jarraian Basustagainean marraztutako zirkuituan jokatu da lasterketa. Karrera amaieran Sonia Albarez korrikalariak azaldu digunez, zirkuitua egoera onean zegoen karrera egiteko. "Lokatza zegoen, baina ez zen arriskutsua. Zirkuitu teknikoa da, lokatza du, txakurrentzako ura ere bai. Kirol honetarako aproposa da".
Ustez lehen postuetan arituko ziren zenbait korrikalarik ezin izan dute irten. Adibidez, Pedro eta Mikel Etxeberria anaia, iaz helmugara batera heldu zirenak, biek ere osasun arazoengatik ezin izan dute parte hartu.
Iaz egin bezala, txandaka atera dira partehartzaileak, lau taldetan banatuta, Aitzuri kaletik. Talde batetik bestera 30 segundoko tartea izan da. Zaunka bizian atera dira txakurrak eta haiei ia eutsi ezinik korrikalariak. Behin Basustagainean, Jose Felipe Larrazabal okondoarrak, Txispi txakurrarekin, eta Fabian Castro eibartarrak, Luna txakurrarekin, borroka ederra mantendu dute. Larrazabal joan da lasterketako zati handi batean aurretik, baina, azkenean, Castrok hartu dio aurrera eta bera heldu da lehena helmuga puntura, 28:26 denborarekin. Bigarren azkarrena Larrazabal izan da (28:55) eta hirugarren Jon Gonzalez lazkaotarra, Enuk txakurrarekin.
Lehen zumaiarra gizonezkoetan Jon Amas izan da, Jero txakurrarekin; seigarren izan da 31:58 denborarekin. Txetxu Tamayo 11. izan da, Txak txakurrarekin (33:13), eta Mikel Astarloa 14., Bubarekin (33:39).
Emakumezkoetan, Alonsotegiko Sandra Jimenezek ez du aurkaririk izan eta, Alai txakurrarekin, lehena izan da helmuga puntuan 33:29 denborarekin. Sonia Albarez zumaiarra izan da bigarren emakumezkoa, Sua txakurrarekin (36:19). Hirugarren emakumezkoa Nerea Goikoetxea aramarra izan da, Gar txakurrarekin (37:29).
Sailkapen osoa hemen duzue.