Bi aste hauetan txartelik gabe zabaldu ahal izango dira edukiontziak. Otsailaren 15etik aurrera, ordea, beharrezkoa izango da txartela.
Egun hauetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko txartelak bidali dira gutun bidez. Txartel horiek soilik irekiko dituzte beren etxebizitzari dagokion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu, hondatu edota oraindik jaso ez duen herritar orok udaletxean edota Udal Elkartean eskuratu ahal izango du. Etxebizitza bakoitzari dagokion bilketa puntua etxe atarietan jarriko den kartelean kontsulta ahal izango da.
Edozein zalantza argitzeko arreta eta informazio zerbitzua abian da, goizez, 9:00etatik 14:00etara udaletxean, eta, arratsaldez, 17:00etatik 19:30era, Hogarrean. Horrez gain, Udal Elkarteko webgunean hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsultatu daiteke, baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria.
Etxeko hondakin handiak
Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, 20:00etatik 22:00etara, eta herri bakoitzak bere eguna du: Zumaian, ostegunean jasoko dira
Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berritu edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).