“Eliza baten bila genbiltzan, eta hau zen egokiena eta politena”

Baleike 2018ko urtarrilaren 31

Kamerak, argiak, mikrofonoak eta telebista ekoizpen handien bueltan mugitzen diren taldeak berriro Zumaian izan ditugu aste honetan. Azken bi egunotan, asteartean eta asteazkenean, Antena 3 telebista katean ematen duten Alli abajo telesail arrakastatsurako irudiak grabatu dituzte San Telmo ermitan, eta haren inguruko parajeetan. Kameren eta labarren arteko maitasun istorioak osasuntsu jarraitzen du.

(Argazkiak: Izaskun Urbieta) 

Orain urte eta erdi inguru HBO erraldoi estatubatuarraren Game of Thrones telesailaren hainbat pasarte grabatu zituzten Itzurun hondartzan. Aurretik, baina, 2013an, Ocho apellidos vascos arrakastatsuaren zenbait eszena ere grabatu ziren San Telmon, ezkontzakoa barne.

Clara Lago eta Dani Roviraren filmak izandako arrakastaren aparrean sortutako telesaila da Alli abajo. Han bezala, estereotipoekin jokatzen duen maitasuna istorioa kontatzen da, baina, protagonisten sexua aldatuta:  emakumezkoa da andaluziarra da eta gizonezkoa euskalduna.

Bi protagonista nagusiak izan dira Zumaian, Maria Leon eta Jon Plazaola, Carmen eta Iñaki telesailean. Haiekin batera egon dira Oscar Terol, Gorka Aginagalde, Iker Galartza eta Gorka Otxoa, besteak bestea.

Kontatu nahi duten pasarte baterako eliza bat behar zutelako etorri dira Zumaiara. “Eliza baten bila ibili gara eta izan ditugun aukeren artean, San Telmo aukeratu dugu, grabaziorako egokia delako, baina, baita, politena delako”, adierazi digu Miguel Fernandez ekoizpen buruak. Getarian eta Donostian ere grabatzen aritu direla ere gaineratu du. Hori bai, ez du tramaren xehetasunik eman nahi izan.

Telesailaren hirugarren denboraldi amaierarekin lotuta doa euskal kostaldean grabatu eta laugarrenean emango den pasarte hau. Astelehen arratsaldean izan ziren ermita grabaziorako egokitzen. Eliza barruan egin dituzte grabazioak, baina baita kanpoan ere, labarren edertasunak erakarrita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide