Langileen iritziz, onartezina da enpresako zuzendaritzak egindako proposamena. "Aurreko urteetan ez dugu inolako igoerarik izan eta ez dugu eskatu, KPI hondoa jota egon delako; orain, testuingurua aldatu egin da, KPI hasi da igotzen, eta guk eskatzen duguna da gutxienez hori mantentzeko; hurrengo lau urteotan ezin dugu onartu soldatak ez igotzea", azaldu du langileen ordezkari Imanol Belokik. Azpimarratu nahi dute KPIa baino ez dutela eskatzen. "Agian herrian jendeak pentsatuko du sekulako igoera eskatzen ari garela, baina ez da horrela, bakarrik nahi dugu soldatak KPIra egokitzea".
Langileek ez dakite aurrera begira enpresak zer kontratu dauzkan lotuta, "baina, gaur egun, lan kargarik ez da falta". "Orduak sartzen ari gara. Izokinetarako arrantzontzi batetik ari gara eta segidan atunetarako beste bat egingo dugu. Beste eskaeraren bat ere badago hitzartuta, entzun dugunez baina enpresak informazio hori ez digu ematen. Karta hori gordetzen dute, negoziaketan estutzeko. Esaten digute garestiegiak garela, lehiakorrak izateko kosteak murriztu behar direla; baina, aldi berean, balio erantsiko ontziak egin nahi dituzte, kalitatezkoak, eta horiek ezin dira egin lan baldintza kaskarretan edo lana azpikontratatuz".
Eskatzen dutena zentzuzkoa dela pentsatzen duten arren, borrokak luze jo dezakeela uste dute. "Litekeena da honek luze jotzea. Aste honetan ez badago mugimendurik, datorren astean egun osoko lanuzteak egiten hasiko gara".