Zabaldu dute 'Emeek emana' erakusketa

baleike 2018ko otsailaren 8a

Lore Albizu herritik kanporatua izan zen zumairrak Intxorta 1937 Kultur Elkartearen eta familiaren omenaldi txiki bat jaso du. Erakusketa gaurtik otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatu duen erakusketaren inaugurazio ekitaldia izan da gaur arratsaldean 19:00etan. Bertan izan dira elkarteko bi kide, eta baita gaurko protagonista nagusia izan den Lore Albizu ere. Ama eta senideekin batera herritik kanporatua izan zen 1937ko otsailaren 13an, eta gaur, elkartearen eta familiaren omenaldi xume bat jaso du.

Emakume anitzak, joera politiko desberdinetakoak, hainbat eremutan ibilitakoak eta Euskal Herriko zenbait tokitan jaiotakoak osatzen dute erakusketa. Bertan 63 emakumeren testigantzak irakurri eta ikus-entzun daitezke. Hala, protagonista hauen historia hainbat eremutan sailkatu dituzte: gerrako frontean egon zirenak, bonbardaketaren lekukoak, emakume fusilatuen alabak, erbesteratuak eta herritik kanporatuak, besteak beste.

Emeek emana erakusketa otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai Oxforden, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide