Bi asteburuko geldialdiaren ondoren, batel jardunaldia izango da igandean Tolosan

Baleike 2018ko otsailaren 16a

Gipuzkoako batel ligako bosgarren jardunaldia jokatuko da igandean Tolosako Oria ibaian, 11:00etatik aurrera. Infantil eta kadete mailako neska-mutilak bakarrik lehiatuko dira. Bestalde, larunbatean, Orioko Traineru Jaitsiera izango da. Bertan izango dira emakumezko eta gizonezko seniorrak, eta baita beteranoak ere.

Duela bi asteburu Orion jokatu behar zen batel ligako laugarren jardunaldia bertan behera gelditu zen eguraldi txarragatik. Aurreko asteburuan atsedenaldia izan zuten, eta beraz, bi asteburuko geldialdiaren ondoren, gogoz aurkitzen dira arraun taldeetako gazteak.

Infantil eta kadete mailakoek bakarrik jokatuko dute igandeko estropada Tolosan. Goizeko 11:00etan hasiko da, eta 60 bat batel inguru izango dira. Zumaiarrek zazpi batel itsasoratuko dituzte, eta estropada, eremuaren ezaugarri bereziak direla eta, erlojuaren kontra jokatuko da.

Datorren asteburuan, hilaren 24an, Zumaian izango da batel ligako seigarren jardunaldia.

Traineru jaitsiera Orion

Taldeko helduenek ere, ez dute atsedenerako tarterik izango. Horrela, larunbatean Oria Ibaiko XXIV. Traineru Jaitsieran, senior mailako gizonezko nahiz emakumezkoek hartuko dute bertan parte. Azken hauek Hernaniren traineruan. Beteranoak ere lehian izango dira. Estropada 16:30ean hasiko da. Guztira 92 ontzi eta 1.840 arraunlari izango dira Orion.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide