Martxoaren 8rako emakumeen greba iragarri zuen Euskal Herriko mugimendu feministak duela bi aste. Zumaiako mugimendu feministak ere bat egin du deialdiarekin, eta Martxoak 8 bitarte, hainbat ekintza antolatu ditu.
Horrela, gaur eta ostiralean, auzolana izango da 17:00etan Torreberri gaztetxean. Mugimendu feministako kide batek kontatu duenez, "datozen egunetarako gauzak prestatzen hasteko baliatuko ditugu bi egun hauek".
Martxoan sartzearekin bat, lehenengo egunean, eta ostegunero Amaiako plazan egiten den azoka aprobetxatuz, informazio banaketa egiten ibiliko dira 11:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, berriz, informazio gunea jarriko da Erribera kalean 11:00-13:00 eta 17:00/20:00 bitarte. Martxoaren 3an, larunbatean, informazio txokoa Alai auzategian jarriko da, Izaga kalean, hain zuzen ere. 11:00etatik 18:00ak arte izango da, eta Gauak gureak dira! izeneko ekimen bat ere egingo dute.
Igandean, eskualde mailakoa izango den ekimena antolatu dute. Hala, Lan esklabuarekin amaitu! izenburupean, zaintza lanetan ibiltzen diren emakumeek antolatu duten ekimena izango da. Bertan, beraien lan egoeraren eta baldintzen berri emango dute. Ekitaldia Martxoaren zortziko plazan egingo da 11:00etan. Ondoren, solasaldi irekia izango da.
Martxoak 8, planto eguna
Martxoaren 8an, ostegunean, planto edo greba eguna izango da. Goizetik arratsaldera bitarte, ekimenek eta aldarrikazioek hartuko dute eguna. 11:00etan, ikasleekin tailerra egingo da Beheko plazan. Horretarako, ordu berean, material prestaketa egingo da Torreberrin. Jarraian, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da Zubi txikian. Eguerdian, 14:30ak aldera, bazkaria izango da gaztetxean. Bazkalostean mikrofono irekiak egongo da, eta 17:30ean, tribial feminista. Egunarekin amaitzeko, 19:30ean, mobilizazioa izango da Martxoaren zortziko plazatik abiatuz.