“Zein da hemen zoroetxea gurea ala zeuen aldea? Nork daki, jaunok, eta andereok, zein den benetan erotegia hesiaz harunzkaldekoa ala gure ustezko normaldegia?”. Galdera hori luzatzen digu Gose talde arrasatearrak bere Gosariak azken laneko Zoroetxeko harresia abestian. Abesti hori gure “normalitatearen” gizarteari kritika garratza da. Izan ere, nola definitu zein den normala eta kabala?
Luisa Etxeberriak 54 urte ditu eta duela zazpi nahasmen bipolarra diagnostikatu zioten. Emozioei eragiten dien gaixotasuna da bipolaritatea, bi fase arras ezberdin batzen dituena; fase maniako edo “goranzkoa” eta fase depresibo edo “beheranzkoa”. Etxeberriak ere nabari izan du gizartearen jarrera pasiboa bere gaixotasunarekiko: “Jendeak ez dizu galdetzen zure gaixotasunaren inguruan. Uste dut ezin garela hurbildu guretzat normalak ez diren gaitzak dauzkaten pertsonengana, edo hala sentitu nuen nik, behintzat”. Baina Etxeberriaren bizi esperientziak zerbait erakusten badigu, zulo sakonetik irten eta baikortasunez bizitzan aurrera egin daitekeela da, bipolaritatearen gorabeherako uhinei aurre egiterik badela.
Hondoa jo, gero altxatzeko
Desoreka bipolarra diagnostikatu aurretik hasi zen Etxeberria gaixotasunaren sintomak nabaritzen bere egunerokoan. “2008an jada depresioekin hasi nintzen, eta handik urtebetera konortea galdu eta erietxera eraman behar izan ninduten hartutako kolpea zela eta; dena sinkope huts bat bezala geratu zen, baina nik susmatzen nuen zerbait gehiago bazela”, gogoratu du. Egoerak okerrera egin zuen 2010ean, bikotearengandik banandu eta gurasoen etxera lekualdatu behar izan baitzuen Etxeberriak, bertan gurasoekin “jasanezin” zegoela aitortu du: “Ezin zidaten ezer esan, nik bortizki erantzuten nien eta”.
Orduan etorri zen bizitza goitik behera aldatuko zion bidaia, Zumaian ezin zuela geratu argudiaturik, familiak Torre del Marren (Malaga) duen etxera joan zen, lanean baja hartua zela aprobetxaturik. Han, bere lehen fase maniakoa, edo bipolaritatean “goranzko” fasea, pairatu zuen. “Fase maniakoan zaudenean ezin dituzu zure pentsamenduak ere kontrolatu, zure burua azkarregi doa, ez duzu lorik egiten, ezin zara kontzentratu , eta, noski, dirua eskura baduzu xahutu egiten duzu”, azaldu du. Fase horretan zela, gau batean bakarrik irten eta Torre del Marreko itsas pasealekuan poltsak saltzen ari zen saltzaile ibiltari bati zituen poltsa guztiak erosi zizkion. Ondoren, hori bai, afaltzera gonbidatu zuen gizonak, Etxeberriak soinean zuen diru guztia poltsetan xahutu baitzuen. Hurrengo goizean, gosaltzeko eta bazkaltzeko geratu zen aurreko gauean ezagutu zuen Max Faye saltzailearekin. Luisak aitortu du momentu hartan Faye polizia sekretu edo bere psikiatra ez ote zen pentsatzera ere iritsi zela.
Horren ondoren, fase maniakoak gainezka egin zion Etxeberriari, soinean jantzita zuen arropa kendu eta hondartzan biluzik bainatu baitzen. Uretatik ateratakoan, sortutako iskanbilarengatik bertakoek poliziari deitu eta Etxeberria biluzik eraman zuten polizia etxera. Hara joan zitzaizkion izeko eta osaba, gertatu zenaren berri izateko. Orduan osabak aipatutako hitzak ondo gogoratzen ditu Etxeberriak: “Poliziak kalera atera nahi ninduen, baina osabak esan zien nik behar nuena psikiatriko bat zela, eta Malagako psikiatrikoan izan nintzen astebetez ingresaturik”. Egun horietatik ezer gutxi oroitzen du Etxeberriak, fase maniakoaren erruz.
Gertakari haien ondorioz, Donostiako Ospitalean izan zen hiru astez ingresaturik. Handik, bizimodua aldatuko zion diagnostikoarekin irten zen : nahasmen bipolarraren errua izan zen Torre del Marren sufritutako fase maniakoa. Ondoren etorri ziren asteak “zulo beltz” bezala definitu ditu Etxeberriak. “Familiaren laguntza eta babesa ezinbestekoa izan zen gaixotasunari aurre egiten hasteko”, gogoratu du.
“Zulo beltzean” zela etorri zitzaion esperantzarako lehen eguzki printza, hondoa jo zuen leku berean gainera, Torre del Marren. 2012an hara bueltatu baitzen bere lehengusina eta haren alabarekin. “Hasieratik banuen esperantza Max berriro ere ikusteko, baina burutik ideia hori kentzen saiatu ziren familiakoak”, aitortu du. Baina, hara non ikusi zuen Max Faye bi urte lehenago ikusi zuen leku berean. Harengana gerturatu, eta hasieran nor zen oroitzen ez bazuen ere, laster oroitu zen artisau senegaldarra hain gogo biziz bilatu zuen emakume haren izenaz. Ordutik, aurrera maizago elkartzen eta geratzen joan ziren, 2015ean Faye Zumaiara etorri zen arte. Urte bereko azaroan ezkondu ziren. “Max laguntza handikoa izan da gaixotasuna kontrolpean izateko bizi izan dudan prozesuan”, argitu du Etxeberriak, egun bere bikotekidea denaz.
Gizarteratzeko lana
Gaixotasuna gainditzeko lan handia egin duela aitortu du Etxeberriak: kontrolpeko bizitza, ordutegi zorrotzak, medikazioa eta talde terapiaren laguntzan laburbil daitekeena. AGIFES (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Elkartea) buru gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonei laguntza eskaintzen eta gizarteratzen lana egiten duen erakundea da. Bertan, Etxeberriak hamabostean behin talde terapia jasotzen du, berak bezala nahasmen bipolarra pairatzen duten beste pertsona batzuekin. Hemengo profesionalek eskainitako laguntza ezinbestekotzat jo du gaixotasuna gainditzeko: “Ezinbestekoa da zure beldurrak eta egoerak beste norbaitekin konpartitzea, hemen zure egoera berean dauden beste pertsona batzuekin konpartitzeaz gain, oso profesionalak diren psikiatra eta monitoreen laguntza duzu”. Ildo beretik, nabarmendu du laguntza jasotzeko eta gaixotasuna aitortzeko beldurrik ez dela izan behar: “Lehen pausoa gaixotasuna duzula onartzea da, eta, bigarrena, laguntza bilatzea. Baina, aurrenekoa egin ezean, nekez bilatuko duzu inoren laguntza”.
Bizimodua goitik behera aldatu dio gaixotasunak Etxeberriari. Orain, lehen baino askoz ere “bizimodu zorrotzagoa” eraman behar duela aitortzen baitu. Alde horretatik, lo ordutegiak asko zaindu behar ditu, esate baterako, azaldu du bederatzietatik aurrera esna aurkitzea zaila dela. Halaber, bizimodu “murriztu” honetan zaletasun berri bat aurkitu du dantzan Etxeberriak, Astindu Dantza Taldeko kide baita. “Dantzak laguntzen dit kontzentrazioa mantentzen, eta hori gaixotasun hau dugunontzat oso garrantzitsua da. Hori bai, aitortzen dut orain nagoela dantza talde batean aritzeko moduan, orain dela urte batzuk ez nintzateke gai izango inondik inora. Seinale ona dela uste dut”, azaldu du itxaropentsu.
Halaber, gaixotasun mentalak pairatzen dituztenentzat euren lanbidea mantentzeak duen garrantzia ere nabarmendu du Etxeberriak: “Niretzat oso garrantzitsua da nire erizain lanpostua mantentzea gaixotasuna eramaten laguntzeko, eta pertsona bezala beteta sentitzeko ere bai”. Baina lanpostua egokitu beharraz ere mintzatu da: “Noski, nik lan murrizketa eskatu behar izan nuen, orain lanordu gutxiago ditut eta noizbehinka baja eskatu behar izaten dut fase maniako edota depresibo bat datorkidanean, baina sentitzen dut nire lanpostua betetzeko ehuneko ehun gai naizela”. Hala ere, ohartarazi du kasua gaixotasun mentalen bat pairatzen duten pertsona ororekin ez dela gertatzen . Izan ere, Etxeberriaren ustez gaixotasun mentalak dituzten pertsonekin “lan gehiegikeria” kasu ugari ematen dira. “Gaixotasun mentalak ditugun pertsonak ezer baino lehen pertsonak gara, eta gainerako langileen eskubide berak izateko eskubidea dugu”, gehitu du.
Azkenik, medikazioak gaixotasuna kontrolpean izateko duen garrantzia azpimarratu du. Medikaziorik gabe bipolaritatea gainditzea posible dela aitortzen duten korronteen aurka mintzatu da: “Bada jendea uste duena gaixotasun hau inolako medikaziorik gabe gaindi daitekeela, edota sintomak gutxituz doazela ikusten dutenean medikazioa uzten dutenak. Kasu horietan berriz gaixotzeko kasuak are nabarmenagoak eta larriagoak izan daitezke, askotan suizidio kasuak ere eman dira”. Medikazioak bipolaritatea kontrolpean mantentzeko ezinbesteko tresna direla aitortu du, baina argitu du, baita ere, horien albo ondorioak sufritzeko prest egon behar dela: “Askotan medikamentuek nekea ekar dezakete edota libido sexuala gutxitzea, baina bizitza orekatua eta osasuntsua eramateko helburua baduzu, ezinbestekoak dira”.
Egun, oraindik ere, bipolaritatearen ondorioak pairatzen jarraitzen duela argi utzi du, baina aitortu du horiekin “bizitzen ikasi” duela. Horren seinale da duela hilabete batzuk bere bizipenak Euskal Herri guztiari publiko egin izana, Xabier Madariaga kazetari ezagunak gidatzen duen ETB1eko “Ur handitan” saioan parte hartu baitzuen. Saioak gaixotasun mentalak dituzten pertsonen adierazpen eta bizipenak jaso zituen, eta parte hartzea proposatu zionean, dudarik ez zuela egin azaldu du Etxeberriak, bi helburu bilatzen baitzituen bere bizipenak publiko eginez: “Nire helburua ETB1en agertuz, lehenik eta behin, bipolaritatea zer den argitzea zen, eta Xabier Madariagak berak aitortu zidanez, hori lortu nuen. Baina, bigarrenik, buruko gaixotasunak sufritzen dituztenei esperantza mezu bat zabaltzea zen: lan eta esfortzuz gaindi daitezke eta bizimodu zoriontsu bat eraman”. Ordutik, aitortu du jende asko interesatu dela bere osasun egoeragatik . Baina, azken helburua, Etxeberriak dioen bezala, beldurra galdu eta gaixotasun hauek sufritzen dituzten pertsonak guztiz gizarteratzea lortzeko esfortzu kolektibo bat egitea litzateke, inongo erreportajerik gabe.
(Artikulu hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)