Maria Arrona Castrok, Maite Olasagasti Cidek eta Silvia Carrizo Fernandezek egunaren nondik norakoak azaldu dituzte, eta aldarrikapenez betetako eguna izateaz gain,egunak emakumeen arteko batasuna sendotzeko balioko duela iritzi dute. “Emakume guztiei zabaltzen diegu greba egiteko mezua. Bakoitzak bere modura egin dezala, baina guztiok dugu zer esana greba honetan”.
Zergatik egin behar da planto martxoaren 8an?
Maria: Arrazoia asko daude greba egiteko. Bizi garen garaiotan emakumeok jasaten dugun guztia izugarria dela iruditzen zait eta gaiarekiko dagoen kontzientzia maila oso urria dela. Gure eskubideengatik borrokatu behar garelako egin behar dugu greba. Jendeari ulertarazi behar diogulako ez da soilik guk sufritzen dugun zerbait soilik, gizarte osoak du arduraren zati bat. Elkarren artean lagundu behar gara. Gertatzen ari dena, aldarrikatzeko, esparru guztietara iristeko eta azaleratzeko ordua da.
Silvia: Zergatik? Jada ez delako posible munduak emakumeon gorputzen eta bizitzen gainean funtzionatzen jarraitzea. Onartezina delako jasaten dugun indarkeria: hilketak, erasoak, bortxaketak… Gizarteak emakumeokiko duen jarrerarekin amaitu behar dugulako egin behar dugu greba.
Maite: Nik uste hausten hasteko ordua delako. Mundu mailan milaka emakume antolatzen hasi dira eta ezin dugu aukera hori pasatzen utzi. Batez ere gizarte honetan hitza hartu behar dugulako eta dagoena irauli. Emakumeoi ez digute bakean bizitzen uzten eta naturatik jasotzen dugun guztia hautsi eta ustiatzen lau boteretsuen esku artean gaude; euren erabakiei men eginez. Dagoenarekin amaitu behar dugu. Hala ere, greba ez da soilik kexatzeko edo aldarrikatzeko, indarrak batzeko ere erabiliko digu: elkarrekin gaudela ikusi eta pozik gaudela guztiok elkarrekin borrokan.
“Indarrak batzeko eta aldarrikatzeko”. Zeintzuk dira, ordea, aldarrikapen horiek?
Maria: gizonen eta emakumeon artean dauden ezberdintasunak aldarrikatzeko aukera da. Lan baldintza duinak, gizonek jada badituzten eskubideak badirudi guk irabazi egin behar ditugula, baina gureak ere badirela oihukatu behar dugu. Emakumeak izateagatik ez gutxiestea nahi dugu. Ez da soilik sufritzen dugunagatik, arlo guztietan ematen diren zapalkuntzan nabarmentzeko aukera izango dugu. Gure hitzak gizonezkoena bezainbeste balio duela aldarrikatzekoa. Jendeari ez isiltzeko eskatuko nioke. Beldur asko izan dugu baina bada ordua hori albo batera utzi eta barruan duguna azaleratzeko.
Silvia: zerrenda esango ditut: lehena, emakumeon eskubidea aske bizitzeko. Bigarrena, Malen Etxeko ordezkari gisa, emakume etorkinek bizitza bat izan dezaten aldarrikatuko dugu: norbera bere bizitzaren jabe izan dadila, inoren menderakuntzarik gabe. Gizarte honek ezin du aurrera egin begiak behingoz zabaldu gabe. Gure herrietako portaletan milaka emakume esklabu egoeran daude. Etxetik sartu edo ateratzeko baimena behar dute, ezin dute euren familiaz gozatu… Edozein herritar bezala bizitzeko aukera galarazten zaie. Eta ez da Afrikan edo Asian gertatzen, gure herrietan ari da gertatzen, Zumaian bertan.
Maite: Aldarrikapenak milaka dira baina ziur naiz pertsona bakoitzak bere arrazoia aurkituko duela greban parte hartzeko: izan kalean borrokatuz, izan etxean amantalak zintzilikatuz. Lanak beste planteamendu bat izan behar duela uste dut. Emakumeon aukera berdinak behar ditugu, bai hezkuntzan, baita osasunean ere. Orokorrean, bizitzako arlo guztietan. Emakumeon aurkako indarkeria gabeko mundu baten alde egin behar dugu. Hori gabe, ez dugu inoiz berdintasuna lortuko. Zaintza lanak gizartearen erdigunean jartzea ere oso garrantzitsua iruditzen zait. Lanok ez dute inongo errekonozimendurik. Arlo guztiz feminizatua da eta kasu askotan irabazi ekonomikoak oso exkaxak dira. Gainera, lan izaera izanda ere, soldatak oso baxuak gara eta hor esklabutzarekin egiten dugu topo. Zaintza lanen ardura Estatuak hartu beharko luke uste dut.
Norentzat da martxoaren 8ko greba?
Maria: Greba hau emakume guztientzat da. Protagonismoa eta jarrera aktiboa emakumeona izan behar da. Hala ere, bigarren maila batean, gizonentzat ere baliogarria izan dadila espero dut. Deseraikuntza prozesu bat hasteko aprobetxatu beharko lukete. Izan ere, guri kalte egiten dugun zerbait bezala ikusten dugu, eta ondorioz guk konpondu behar dugula, baina ez da horrela. Gizarte osoak pentsatu behar du zein den bere ardura gai honetan. Behin hori jakitean, has daitezela euren bidetik borrokatzen. Gauzei bigarren buelta bat ematen. Egunerokotasunean egiten dituzten ekintza txikiek zer ezkutatzen duten zalantzan jartzen.
Maite: pribilegioei uko egiten hasi behar dira. Gizon batzuk oso jator etortzen zaizkizu, ustez jarrera feminista batekin, baina gero gehiegitan erabiltzen dituzte euren pribilegioak egoera jakin batzuei aurre egiteko. Horregatik, greba guztiontzat baino emakumeontzat dela uste dut: bakoitzak bere modura egingo du, baina egin dezala. Garrantzitsua da emakume sare indartsu bat borrokan dagoela ikustea. Greba egin ezin duenak, lasai egon dadila eta jakin dezala hor gaudela, guztion eskubideen alde borrokan.
Silvia: Nik uste greba Maitek esan duena dela: munduko emakume guztiok munduaren aurrean batuta agertzea. Data oso klasikoa da baina eraberritu egin dutela iruditzen zait. Mundua geratu dadila, gizartea geratu dadila gure aldarrikapenak entzuteko. Hemen gaude; hemen eta orain! Zapi bat edo amantala etxeko leihotik zintzilika jarriko duenak jakin dezala bera ere borrokaren parte dela eta gainontzekoak edozertan laguntzeko prest gaudela. Greba honetako subjektu pasiboa diren estatu eta gizonei esango nieke hausnarketa gisa hartzeko datorren martxoaren 8a. Prest gaude eta edozeren gainetik pasako gara egoera aldatzen ez bada.
Lau arlo aldarrikatuko dira greban: zaintza greba, kontsumo greba, ikasle greba eta lan greba. Non kokatzen duzue zuen burua eta zer duzue esateko zuen esparrutik?
Silvia: Ez dakit zehazki non kokatu. 50 urte baino gehiagoko subjektu politiko emakume baten paperean jartzen banaiz, esango nuke greba honek prekarietatean bizi diren emakumeen biziraupenarekin duela zerikusia. Adin tarte horretako emakumeek kotizatu ez edo maiz oso modu prekarioan irabazten dute eta errealitate hori jendeak jakin egin behar du. Osasungintzan edo hezkuntzan izaten diren murrizketak guk jasaten ditugu gehien, batez ere zaintza lanak gure gain daudelako. Horrek zuzenean eragiten du bizi kalitatean, nabarmen murrizten baitu. Guzti horrekin du zerikusia: datozen urteetan bizitza duin bizitzearekin eta etorkizuneko belaunaldiei etorkizun oparotsu bat ematearekin du zerikusia.
Maite: erabat ados nago Silviarekin. Lehen aipatutako guztiaz gain, adin tarte horretan ahanzturan erortzen diren emakumeak ikusarazi behar ditugu. Gizonezko ugari daude egoera berdinean, ez dut dudarik egiten. Baina emakumeok zapalkuntza bikoitza jasaten dugun heinean, gurea aldarrikatu behar dugu.
Maria: Gazteon prekarietatea ere nabaria da. Lan baldintza lotsagarriak ditugu eta okerrera goaz. Dena dela, gurea gutxietsi gabe, guk nola edo ahala, oso baldintza txarretan bada ere, lortzen dugu lan egitea eta irabazitakoarekin bizirautea. Baina Silviak aipatutako jendek nekez egin dezake aurrera. Beraien aitortza eskatu beharko genuke.
Zer egingo duzue martxoaren 8an?
Maria: Kaleak hartu. Aldarrikapenez beteko ditugu txoko guztiak, ahotsa altxatuko dugu gure eskubideak entzun daitezen. Argi utziko dugu hemen gaudela, borrokatzeko prest eta ez garela geratuko gurea dena lortu arte.
Silvia: Molestatu egingo dut! Mundu guztia zirikatuko dut, egunean bertan nahiz lehenago.
Maite: Ilusio handiarekin hartuko dut greba. Uste baino jende gehiago dago; jende gaztea batez ere eta horrek asko motibatzen nau. Olatu handia izango da. XXI. mendea emakumeon mendea izango dela esaten dutenen mezua sinesten hasi naiz eta hori egia bilakatuko dugu, ez dut inongo dudarik! Jendeari argi utziko diogu ez dagoela bakarrik.