Ohiko moldeetatik aterako den greba bat deitzen dugu. Greba honen balioa ez da portzentaia eta zenbakitan baloratuko, greba egiteko modu anitz eta irudimentsuetan baizik. Martxoaren 8ko Greba Feminista lan-arloaz haragoko greba izanen da. Lantokietan paroak eginen ditugu, bai, nazkaturik baikaude prekarietateaz, generoaren araberako soldata desberdintasunez eta gure lan gehienek zaintzarekin zerikusi zuzena izateaz. Horrez gain, ordea, zaintza-lanetan ere greba egin nahi dugu, nekatu egin baikara ez sentimenduz, ez diruz baloratzen ez diren "berezko" lanak egiteaz, gure inguruko pertsonen bizitzetan sostengu ezinbesteko izateaz. Egun bakarrean planto eginda, gure bizitzetan zaintzak duen balioa ikusarazi nahi dugu, eta horren ardura denon artean partekatzeko aldarria egin. Kontsumo greba egin nahi dugu, eredu kapitalista eta patriarkal honek kontsumitzen gaituelako: gure gorputzak objektu gisa saltzen ditu, zoriontasuna produktutan erosarazten digu, beste herrialde batzuetako emakumeak esplotatzen ditu eta natura xahutzen du. Noiz arte iraunarazi nahi dugu horrelako kontsumo eredu bat? Eta azkenik, hezkuntzan ere planto egin nahi dugu. Hezkuntzan ereiten da etorkizuneko jendartea, baina gure hezkuntza- sisteman genero-desberdintasuna eta rol heteronormatiboak errepikatu egiten dira. Jatorri eta identitate anitzeko haurrez osatutako eskolak nahi ditugu, askotariko erreferenteak landuko dituztenak, aniztasunean aske bizitzeko. Horregatik, martxoaren 8an, ikasle eta irakasleak ere kalera irtengo gara. Haserre gaude emakume* izate hutsagatik bortxatzen gaituen mundu honekin, herrialdeen mugak arrazismorako aitzakitzat erabiltzen dituztenekin, gorputz disidenteak erailtzen dituztenekin. Hortaz, milaka arrazoi ditugulako, Euskal Herriko emakumeok* martxoaren 8an planto eginen dugu.
Kalera irteteko deia egiten dugu, martxoaren 8 honetan espazio publikoa okupatu eta gure eguneroko aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Egun honek inflexio-puntu bat izan nahi du: zer pasatzen da gure inguruan emakumeok* geratu egiten garenean? Egunerokoak berdin funtzionatzen jarraitzen al du? Zentzu horretan, hausnarketarako eguna ere izan nahi du. Alde batetik, emakumeok* gure artean batu eta elkarrekin gure lanaren balioaz jabetzeko parada izanen dugu. Baita gure arteko desberdintasun eta aniztasunetik ikasteko ere: emakume helduek, emigranteek, gazteek, bollerek, transexualek, neskatilek, bisexualek, dibertsitate funtzionaldunek, langabeek, pentsiodunek... elkarren babesa eta besteon errealitateaz ikasteko aukera paregabea izanen dugu. Beste alde batetik, gizonek ere izanen dute haien funtzioa greban. Kontsumo greba egiteaz gain, eta euren inguruko emakumeek mobilizazioetara joateko erreztasunak emateaz gain (izan aita, lagun, anai, irakasle, enpresa-buru, lankide...), gogoetarako egun garrantzitsua izanen da. Protagonismoan pausu bat atzera egiteko eguna, inguruko emakumeen* lana balioesteko eta lan-karga desorekatuak iraultzeko zer egin dezaketen pentsatzeko eguna. Greba honetan, bakoitzak bere funtzioa zein den pentsatu beharko du, nondik abiatzen den eta zer egin dezakeen egoera iraultzeko.
Martxoaren 8ko Greba Feminista herriz herri, auzoz auzo eta hiriz hiri antolatzen ari gara, denon parte-hartzea garrantzitsua baita. Izan ere, martxoaren 8a ez da helburua, aurrera begirako borrokan mugarri bat baizik. Hilabete hauetan landutako prozesu kolektiboak aski sari dira jada antolaketan ibili garenontzat. Asanblada bakoitzean eztabaidatutakoa, hausnartutakoa eta aniztasunean bizitakoa altxor txiki bat da gutako bakoitzarentzat. Altxor hori, ordea, bizi garen munduarekin partekatu nahi dugu, emakume* bakoitzaren lana eta bizipenak balioetsi nahi ditugu, ezinbestekoak baitira egunez egun munduak aurrera egin dezan. Isildutako eta ikusezin bihurtutako ahots guztiei bozgorailua jarri nahi diegu, merezi dugun aitortza eta balioa izan dezagun. Horregatik, 2018ko martxoaren 8a mugarri izatea nahi dugu, datozen egun eta urteetan jarraituko dugun borroka bultzatzeko egun bat, indartu eta aurrera begira lan egiteko ilusioa emanen digun egun bat.
Askotariko ekintzak antolatzen ari gara, martxoaren 8a elkarrekin, kalean eta borrokan pasa dezagun. Goizeko 12:00etan eta arratsaldeko 20:00etan mobilizazioak egonen dira herri bakoitzean, eta horietara joatera animatu nahi zaituztegu. Hala ere, ez dugu uste greba egiteko modu bakarra dagoenik, ezta egon beharra duenik ere. Jakitun gara anitzak garela eta ez ditugula denok greba egiteko aukera berak (esaterako, prekarietatea, ezintasun fisikoak edota ezinbesteko zaintza-lanak direla eta), baina, preseski, aniztasun eta ezintasun horiek azaleratzeko eguna izatea nahi dugu. Guztiok kalean egotea gustatuko litzaigukeen arren, deialdia egiten dugu norberak ahal duen eta nahi duen modura egin dezala greba. Hori dela eta, animatu nahi zaituztegu amantala balkoian jartzea edo besoko more bat jartzea bezalako ekintzak egitera. Greba feminista hau anitza izango baita, edo ez da izango.
Iraultza feminista martxan dago eta geldiezina da. Elkarrekin mundua geratuko dugu, borrokan jarraitzeko. Kaleetan ikusiko dugu elkar!
* "Emakume" izendapena erabiltzen dugu, martxoaren 8ko greba feministan subjektu politiko gisa baliagarria delakoan. Hala ere, sistema bitarraz gaindi, askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak garela azpimarratzen dugu.
Maddi Lasa Garcia, Marta Molinero Torrea, Uxue Álvarez Azcona eta Irene Otal Larequi, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak