Martxoak 8

ARGAZKIAK: Estazio bideko tuneleko hormak margotzen

Baleike 2018ko mar. 3a, 13:57

Martxoak 8aren harira, tren geltokira doan tuneleko hormak margotu dituzte gaur goizean Zumaiako mugimendu feministak eta Kalea guztiona da mugimenduak elkarlanean. Gauak gureak dira izeneko ekimen honetan, auzolana izan da oinarri, izan ere, margoketa lanak egiteko herritar batzuk ere bildu dira.

"Emakumeen borroka ezberdinak adierazten dituzten margoak dira hauek", kontatu du antolatzaileetako batek.

Martxoaren 8aren harira, asteburu honetan, ekitaldi batzuk antolatu ditu Zumaiako emakume feministen taldeak. Lehenengoa gaur goizean egin da, Gauak gureak dira lemapean, estazio bidean dagoen tuneleko hormak margotu dira. Auzolanean eginiko lan honek, herriko artista batzuen laguntza izan du marrazkiak egiterakoan. 

Alai auzategitik estazio biderako eskuineko horman esaterako, duela urtebetetik Zumaian bizi den eta Arte Ederrak ikasita duen Elena artistak osatu du ideia. Bere esanetan, "emakume sarea irudikatu nahi izan dugu, izan ere, sare horren laguntzarekin, emakumeen bizitza sostengatzen laguntzen du". Hainbat emakumeen siluetak marraztu dituzte eskuinaldeko horma horretan, eta bizitzako elementu, irudi, osagarri eta adierazpen ezberdinekin jantzi dituzte.

Ezkerraldeko hormako irudia aldiz, Arte Ederrak ikasten duen Mireia izeneko zumaiar baten ideia izan da. "Sinbologia zuen marrazki bat egin nahi genuen, eta jendeak irudiak esanahi duena bilatu egin beharko du. Interpretazioa librea da, baina esan daiteke emakume baten irudi desfiguratua dela: burua dauka, hankak, gorputza, bularra...", esan du. 

Auzolanean egin da margoketa, eta koloreak libreki aukeratu dituzte. "Gure kasuan, moreak hartu du bere garrantzia, baina orokorrean, kolore bizien alde egin dugu apustu. Gainera, gorputz bat baino gehiago marraztu ditugu, eta hauek kolore ezberdinez margotu ditugu aniztasuna islatzeko", gaineratu du Mireiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide