Martxoak 8

Mugimendu feministaren oharra muralaren ezabatzea dela eta

Zumaiako Mugimendu Feminista 2018ko mar. 5a, 17:02

Martxoaren 8ko greba feministaren prestaketa esperientzia oso aberasgarria izaten ari da askorentzat. Emakume eta mugimendu desberdinen artean saretzen ari gara, elkar ezagutzen, batera lanean. Jasaten dugun egoerarekin nazkatuta baina pozik, eta batez ere, ilusio handiz.

Horren erakusle izan dira pasa den asteburuan antolatu ditugun ekimenak. Larunbatean Kalea Guztiona Da-rekin batera margolan ikusgarria osatu genuen estaziora bideko pasabidean, kalea eta gaua guztionak direla aldarrikatzeko. Bestalde, igandean performancea eta irratsaioa egin genituen Malen Etxeako lagunekin, zaintza lanak ikusarazi, lan esklabuari ezetz esan eta elkar ezagutzeko.

Bi ekimenak kalean burutu nahi izan ditugu, askotan ukatua izan zaigun espazio publiko hori okupatu eta gure aldarrikapenak plaza erdira eramateko.

Ez da oztopo gabeko asteburua izan, ordea. Larunbatean bertan emakume bat identifikatu zuten. Gaur, gainera, goizean goiz, guztion artean osatutako murala ezabatu digute. Gure aldarrikapenak zentsuratu ostean berriro koloreztatu dugu pasabidea, eta gaurkoan, beste sei emakume identifikatu ditu Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin batera. Hain justu, bere garaian Udalarekin elkarlanean egitekoa zen murala margotzeagatik.

Orain dela bi urte, Berdintasun Foroarekin elkarlanean herriko puntu beltz desberdinak identifikatu genituen. Pasabide hau da horietako espazio bat. Orduan leku horretan mural bat egiteko asmoa agertu zen. Udalaren aldetik, ordea, oztopoak jarri ziren Mugimendu Feministak proposatutako murala egiteko. Gaur arte ez dugu erantzunik jaso mural hori elkarlanean egiteko eta greba feminista aitzakia perfektua izan da bere garaian albo batean utzi zen proiektua ber hartu eta inori baimenik eskatu gabe pasabide ilun horri auzolanean kolorea emateko.

Botere-guneak urruti eta ukatuak ditugunok, ezinbestekoa dugu kalea gure aldarrikapenak zabaltzeko. Kalea behar dugu adierazteko. Greba feministaren propagandan kartelak, pankartak, pegatinak segituan kendu dituzte. Mural eder hau, eta bere mezua zentsuratu dizkigute. Identifikatu egin gaituzte gure lana egiteagatik. Eta mezu matxistak jasan behar izan ditugu horregatik. Zoritxarrez oso ohituta gaude, baina ahultzen, baztertzen gaituen horrek indartzen gaitu. Egunero zentsuratzen dituzte emakumeon aldarrikapen, mezu eta bizipenak. Eta honek ez gaitu txikituko, ezta gutxiago ere!

Kalean beldurrez, kokilduta, txikituta eta txintxo ibiltzera kondenatuak gauden emakumeoi* kalera irteteko deia egin nahi diegu, martxoaren 8 honetan espazio publikoa okupatu eta gure eguneroko aldarrikapenak ezkututik begi-bistara eramateko.

Martxoaren 8an emakumeok* planto! ¡Nosotras paramos!

 

Zumaiako Mugimendu Feminista

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide