N-634 errepideko 27,062 eta 27,130 kilometro artean, hau da Getariara doan Santiago hondartzako tunel artifizialaren ondoan, luizi handi bat gertatu zen otsailaren 3an. Egun horietan egin zuen euri jasa indartsuek bereziki, eta negu osoko euriteek orokorrean, eragin zuten mendiko lur zatiaren erorketa. Berehala itxi zen kostako errepide zati hori, eta Gipuzkoako Aldundiak emergentziazko egonkortze lanak hasi zituen.
Aldundiko teknikarien arabera, “luiziaren goi aldea aztertu ondoren, egiaztatu zen arrisku larria zegoela berriz ere errepideko plataformara materialak erortzeko. Horrenbestez, errepidea itxi egin zen, eroritako lurra kentzeko eta eremua egonkortzeko beharrezko neurriak hartzeko”.
Obra honen oinarria egonkortze lana burutzea da, eta bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, eta mendi-magalera ura erori ez dadin, zanga drainatzaile bat ezarriko da. Beste aldetik, lur mugimendu berriak gerta ez daitezen, lur-erauzketako ezpondaren gainaldean, hormigoizko euskarri bat eta harri lubeta bat jarriko dira. Lan guzti hauek obraren lehen fasean sartzen dira. “Bigarren fasean, altzairuzko sare bat jarriko da buloi bidez ainguratuta, horrela, mendi-magalaren behe aldean dagoen lur-erauzketako ezponda egonkortzeko”, kontatu dute teknikariek. Hain zuzen, bigarren fase honen atarian zabalduko dute errail bat. “Bigarren fasean sartzearekin batera, eta arazorik ez badago, martxoaren 9an zabalduko dugu errail bat. Trafikoa semaforo bidez erregulatuko da”, gaineratu dute.
538.748,85 euroko aurrekontua
Lan guzti horiek hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute Aldundiko adituek, beti ere eguraldiak laguntzen badu. “Mota hauetako obretan, eguraldiak beti baldintzatzen du lanen egikaritza, baina espero dugu epeak betetzea”, adierazi dute.
Lanak gauzatzeko eremua ez da oso erraza, izan ere, Askizura doan bidexkan ikusten dira makinak. Hala eta guztiz ere, beharrezko neurriak hartu dira. “Ainguraketak altueran egiteko, garabitik zintzilikatzeko saski homologatuan jarrita, makina zulatzaileaz osatutako tresneria erabiltzen ari gara” kontatu dute.
Lanen aurrekontua 538.748,85 eurokoa izango da, eta herritar batzuei garestia iruditu zaien arren, “beharrezkoak diren lanen aurrekontua da, ez gehiago, ez gutxiago”, adierazi dute.
N-634 errepidea itxita egotean, erabiltzaileek A8 autobidea edo Oikiatik barrena, Meagaseko bidea hartzen ari dira Donostia aldera joateko. Erabiltzaile askoen kexa, ordea, Oikiako errepidearen egoera da. Aldunditik esan dute “beste errepideetan, ohizko mantentze lanen barruan konponduko dira dauden zuloak”.
Azkenik, N-634 errepideko 25,915 eta 26,085 kilometroen artean, Izustarrin, lur-erauzketaren ezponda egonkortzeko beste obra bat lizitatu du Aldundiak.