Bidaia honetan parte hartuko duten gazteak eta haien gurasoak bildu ziren Alondegiko erakusketa aretoan. Bertan izan ziren, baita ere, Frente Polisariok Euskal Herrian dituen ordezkaria eta haren bigarrena, Abdulah Arabi eta Brahim Abdelftah, hurrenez hurren; Zumaiako alkate Oier Korta, Zumaiako Institutuko eta Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariak, Antxon Garikano eta Isaak Aranberri, eta bidaiaren antolatzaile den Darahli elkarteko zenbait kide.
Ibon Ibarguren Darahliko kideak gogoratu zuen bezala, Euskal Herrian, 1937. urtean, hainbat lagunek utzi behar izan zuten beraien jaioterria eta erbestera joan behar izan zuten. “Orain 42 urte Saharan antzerakoa gertatu zen. Injustizia baten aurrean ezin ditugu begiak itxi. Horregatik hasi ginen Darahlirekin”.
Frente Polisarioko ordezkariak “eskerrak” eman zizkion, bai Darahliko kideei, baita alkateari ere, eta ikastetxeei gazteak “kontzientziatzen” jarraitzera animatu zituen. “Egiten dituzuen bisitek moralki asko laguntzen gaituzte. Ahaztuta ez gaudela eta gutaz interesatzen zaiteztela erakusten diguzue”.
Herri honek gaur egun bizi duen egoeraren berri ere eman zuen Arabik. “Saharar herriak bizi duen egoerak gatazka politiko batean du sorrera. Nazioarte mailan gure eskaerak aintzat hartzea oso zaila da. Interes ekonomikoak giza eskubideen gainean jartzen dira”. Nazioarte mailako laguntzatik bizi direla ere azpimarratu zuen. “Hortik abiatuta etorkizuneko herri sahararra eratu nahi dugu”.
Gazteek bidaian zehar burutuko dituzten ekintzen berri eman ondoren [amaieran duzue plangintza], bi ikastetxeetako zuzendariek hartu zuten hitza. “Gure gazteak bizitza aldatuko dien abentura zoragarri baten aurrean daude”, esanaz hasi zituen bere hitzak Antxon Garikanok. “Atearen alde batean bizi gara, eta une batetik bestera konturatuko zarete hemengo erosotasunetik beste aldera badagoela beste mundu bata, bizimodu latzenetako batean bizi dena. Itsasoko kontuak eramango dituzue hemendik, eta han jendearen irribarrea aurkituko duzue, baina baita malkoak ere, injustizia handi baten malkoak. Haiek ere itsasertzean bizi diren, herrialde aberats batean, eta injustizia batengatik, dena atzean utzi eta desertura joan behar izan zuten. Herri baten duintasunarekin egingo duzue topo, inoiz duintasun hori galdu ez duena”. “Eramango duzuena baino askoz gehiago ekarriko duzue handik”.
Isaak Aranberrik ere bat egin zuen Garikanoren hitzekin. Halako ekintza batean parte hartzeak “aberastasuna” ekarriko diela uste du. “Bizipen errealetan bizitzen ditugun ekintzen mugitzen gaituzte, eta horrek lortzen du gauzak aldatzea”.
Amaieran, Oier Kortak eskerrak eman zien Darahliko kideei eta bi ikastetxeei bidaia hau eta burutzen dituzten beste ekintzak antolatzeagatik. Gazteek giza baloreak ikasiko dituztela ere nabarmendu zuen alkateak.
10 egunetako plangintza
Martxoak 23, ostirala: Bidaia
16:00etan, Zumaiatik irteera.
17:00etan, Loiuko aireportuan fakturatu eta hegazkinera.
Goizaldean, Tindufeko aireportura iritsi. Handik kanpalekuetara joan eta haimatan banatu.
Martxoak 24, larunbata: Zugeko Daira (udaletxea)
Goizean, familiak eta ingurua ezagutu. Bilera ikasleekin 11:30ean.
17:00etan, Zug herrian, harrera ofiziala, alkatearekin, gobernadorearekin eta kontzejuarekin.
Ondoren, laguntzaren banaketa ekitaldia: eskutitzak, eskola materiala, sendagaiak, etab.
Martxoak 25, igandea, eta martxoak 26, astelehena: auzolana Dairan
9:00–14:00, Daira margitu, argi instalazioa jarri, erabilpen anitzeko gela prestatu.
Arratsaldez, auzolana Dairan.
Martxoak 27, asteartea: auzolana eta hitzaldiak
9:00–14:00, auzolana Dairan.
18:00-19:30, hitzaldiak Dairako salan.
Martxoak 28, asteazkena
9:00-13:00, tailerrak eskolan: antzerkia, kirolak, marrazkiak, jolasak, dantzak, esku lanak, aurpegiak margotzea, etab.
Arratsaldez, auzolana herria garbitzeko: bertakoekin lantaldeak egin eta Zug herria garbitu.
Martxoak 29, osteguna: Rabuni wilayara bisita
Bol-La ospitale mistora bisita. Rossanna Bonetti italiar kooperanteak gaitasun bereziko umeekin duen esperientzia kontatuko du.
Iraupenaren Museo Nazionalera bisita.
Martxoak 30, ostirala
12:00etan, Dairan eta Haur Eskolan egindako lanen inaugurazio ofiziala. Gobernadorea, alkatea, kontzejoa, etab. izango dira bertan. Dantzak eta diskurtsoak izango dira.
Arratsaldean, Saharako dunak ezagutzeko irteera. Bertan afari-merienda egingo da.
Martxoak 31: Azken eguna
Goiza libre merkatura joan eta oroigarriak erosteko.
Arratsaldean, alkatea eta kontzejuarekin agurra. Proiektuaren balorazioa.
Azken gaua familiekin eta agurra.
Apirilak 1, igandea
Eguerdian, Tindufeko aireportura irteera.
20:00ak aldera, Bilboko aireportura iritsi eta buelta autobusez Zumaiara.