Kimetz Etxabe: “Txakurrak zuregatik dena eman dezan, feeling bat sortu behar da bion artean”

Baleike 2018ko martxoaren 14a

Duela lauzpabost urte, artean umea zela, hasi zen txakur krosean edo mushing kirola egiten Kimetz Etxabe. Urte hauetan guztietan, gorputza gihartzen eta txakurrekin elkarbizitza sendotzen aritu da, harik eta azaroaren amaieran munduko txapelduna izatea lortu zuen arte.

(Artikulu hau urtarrilako Baleike aldizkarian argitaratu genuen)

Arroa Behean gordetzen ditu txakurrak Kimetz Etxabek. Guztira zortzi ditu, eta kotxetik atera orduko ezagutzen dute. Neguan gurasoek eramaten dute txakurretara, baina udaran, bizikletarekin joaten da. “Beraiekin arratsaldea pasatzera etortzen naiz. Azkenean, ez da soilik jaten eman eta martxa egitea. Elkarbizitza da, eta landu egin behar da. Horregatik, lasterketa batean txakurrak zuregatik dena eman dezan, feeling bat sortu behar da bion artean”, nabarmendu du.

Denboraldi bete-betean dago orain; izan ere, urrian hasi eta martxoan bukatzen da, trineoarekin, elurretan. Gustukoa du txakurrekin korrika lehiatzea, eta kirol honen hainbat diziplinatan ere aritzen da, hala nola, trineoarekin, patinetearekin edo bizikletarekin. Orain denak erraza badirudi ere, gogoan du duela bost urte, 11 urterekin, parte hartu zuen lehen lasterketa. “Irteeran nengoela, txakurra ez aurrera eta ez atzera gelditu zen. Beraz, utzi egin behar izan genuen. Azkenean, berak esaten dizuna egin behar duzu”. Esperientzia deseroso haren ondoren, bertan behera utzi zuen kirol hau, baina handik urtebetera berriro ere sartu zitzaion harra. “Aurreko urtean bezala, Uliako lasterketan atera nintzen txakur hobe batekin. Irabazi egin nuen”. 

Futbolean jokatzen zuen garai hartan, eta txakur krosagatik utzi zuen. Kirol garestia da, eta sakrifizioa eskatzen du. “Egunero joaten gara txakurrengana gutxienez behin, eta baten batek arazoren bat badu, gehiagotan. Janaria ere garestia da. Pentsu zaku batek, esaterako, 60 euro balio du, eta astebetean amaitu dute. Albaitaria ere ez da merkea…”. Alaskano arrazako txakurrak ditu, kirol hau egiten duten gehienek bezala. “Hainbat txakurren nahasketa dute. Huskyen indarra eta inteligentzia, ehizako txakurren indarra eta ehuneko txiki batean, galgoen abiadura”, azaldu du.

Kirol honetarako ez da txakur berezirik behar. Arautegiak esaten duena betetzea da baldintza bakarra, eta arauetan, hauek dira nabarmenenak: gutxienez urtebete izatea, txertatuta egotea eta 10 urterekin lehiatzeari uztea. “Etxeko txakurrarekin atera nahi baduzu ere ez dago arazorik, baina txapelketa internazionaletan izugarrizko txakurrak ikusi ditut, propio kirol honetara egokitutakoak; greysterrak, gehienbat”. 

Arroa Behean dituzten txakurren adinaren batezbestekoa 3-4 urtekoa da; horietako bat zaharra da, baina txikitatik dute beraiekin eta ez dute kentzen. Horretaz gain, urtebeteko bi txakur kume dituzte. Zortzietatik bakarra da emea. “Izugarrizko gogoa jartzen du. Genetika bikaina dauka, baina korrikarako Pegaso da onena”, aitortu du. Huescatik ekarri zuten. “Lagun bati hartu genion. Aurrena beste bi ekarri genituen, eta horietako batekin, duela bi urte, hirugarren egin nuen Europako txapelketan. Denboraldi hura bukatzeko 8 txakurrekin nahi nuen lehiatu trineoan, baina ez nituen hainbeste. Lagun horrek pare bat utziko zizkidala esan zidan: Pegaso eta haren anaia izan ziren. Kariñoa hartu nien eta nirekin gelditu ziren”, kontatu du.

Kirol honetan ibiltzen diren txakurrek jakin ohi dute arnesa lotu orduko zer egin behar duten. Hala ere, lan pila bat egin behar izaten dute nagusiek. “Gaitasuna garatzen lagundu behar zaie, azkenean lasaitu ere egiten dira entrenatu ondoren”.

“Nora etorri naiz?”

Azaroaren 23tik 26ra bitartean Poloniako Szamotuły-Koźle herrian jokatutako junior mailako munduko txapelketa irabazi zuen Etxabek Pegaso txakurrarekin. Sorpresaz hartu zuen emaitza: “aldamenean nituen kontrarioak ikusita… Ia bi metroko mutilak, atleta moduko gorputzekin eta txakurrak izan beharrean, bazirudien zaldiak zeuzkatela”, adierazi du, barrez.

Aurretik, aste batzuk lehenago, Europako txapelketan hartu zuen parte Italian. Lesio batetik irtenda joan zen, eta ez zegoen bere onenean. Ia hilabete geldirik egon zen eta txapelketak bete-betean harrapatu zuen. “Oso gaizki egin nuen; gainera, zirkuitua ez zen oso egokia maila horretako txapelketa bat jokatzeko”, gaineratu du. Erlojuaren kontra lehiatu zen, eta segundo batengatik ez zen podiumean sartu. 

Mundialeko lehia prestatzeko, lau hilabetez aritu da entrenamendu gogorrak egiten. Kirol ekitaldi honetarako Esther Cruz eskalatzailearen laguntza izan du. “Lau hilabeteotan haren entrenamenduei eta aholkuei egin diet kasu, eta Europako eta Munduko txapelketak prestatu ditut harekin. Gogorra izan da, baina merezi izan du!”. Hain zuzen, lau hilabeteotan egunero joaten zen goizeko 06:00etako txakurrekin entrenatzera, 08:00etan eskolara joan behar izaten baitzuen. “Lau hilabeteotan egunero-egunero entrenatu naiz ordu eta erdiz. Ariketa ezberdinak, korrika, serieak... Egun bakarrean hartzen nuen deskantsu, baina, hala ere, ariketak egiten nituen. Goizetan txakurrarekin entrenatu eta gero, arratsaldetan, ni bakarrik entrenatzen nintzen”.

Erromesaldi honetan gurasoen laguntza berebizikoa izan da. Goizeko ordu horietan txakurrak dituzten tokira joan, erremolkea hartu eta Iraetara joaten ziren entrenatzera. Munduko txapelketan zirkuituak normalean lauak izaten dira; beraz, Iraetan dagoen bidegorri modukora joaten ziren egunero. “Txakurrak ezin dira asfaltoan ibili, eta pista bat aurkitu beharra daukazu entrenatzeko. Hemen ez da erraza dena aldapak-eta daudelako; orduan, ahal duzun bezala moldatu behar duzu”, azaldu du.

Lehenengo aldiz hartu zuen parte munduko txapelketa batean, eta espektatiba zehatzik gabe joan zen, “nire lasterketa egitera”, aitortu du. Bi jardunaldietan batutako denborak erabaki zuen irabazlea.

Lasterketa erlojuaren kontra izan zen, binaka irtenda. “Hamabi mutil ginen, eta ni poloniar batekin irten nintzen. Bederatzi eta hamargarrenak ginen; beraz, ez genekien besteak zer egiten ari ziren”, kontatu du. Aurkarien erreferentziarik ez zuen, baina lehen bien irteera ikusi zuen eta harrituta gelditu zen. “Lehen biak nirekin batera podiuma osatu zutenak izan ziren. Horien irteera ikusi eta pentsatu nuen: ‘Nora etorri naiz?’. Geziak ematen zuten, junior mailan ez dut inoiz ikusi horrelako irteerarik”, nabarmendu du.

Poloniarrarekin batera irten zenean, hark ere irteeran metroak atera zizkion. “Segituan martxa egin zidan, baina hark ere irteera egin zuen azkar. Lehen 500 metroetan pasa egin nuen, eta bakarrik gelditu nintzen basoaren erdian. Zirkuitu zuzena zen, eta horrek aurreko bikotea ikusteko aukera eman zidan. Pasa egin nituen, eta horien aurrekoak ere ikusi nituen. Baina karrera 3 kilometrokoa da, eta ezin duzu denbora asko atera. Lehen biak ikustera ere iritsi nintzen”, gogoratu du. Hala, lehen jardunaldiaren amaieran lider zen, 8.02,23 denborarekin. Bigarrena, Patrik Siekkinen finlandiarra, zazpi segundora gelditu zen, eta hirugarrena, Jonas Näslund suediarra, berriz, bederatzi segundora.

Hurrengo egunean, bezperan baino urduriago eta nekatuago sentitu zen. Gainera, hotza eta behelaino itxia zegoela du gogoan. “Bakarrik irten ginen, eta ni nintzen lehendabizikoa. Nire aurkari zuzenek egiten zuten irteera ikusita uste nuen harrapatuko nindutela, baina, aurreko eguneko abantaila erabakigarria izan zen, azkenean”. Bigarren jardunaldian hirugarren izan zen 8.15,81 denborarekin, baina Siekkinek bost segundoko aldea bakarrik atera zion; beraz, amaieran, Etxabe gelditu zen garaile. Hala ere, podiumera igo ezinik gelditu zen. “15:00etan omen zen sari banaketa, eta guk hegazkina 16:45ean genuen. Pena dut podiumera igo gabe gelditu izana”, kontatu du.

Oraindik junior mailako hurrengo munduko txapelketan parte hartzeko aukera du. "Lehen 21 urtera arte zen junior maila, baina orain aldatu egin dute eta 18 urtera artekoa da. Mundiala bi urtean behin izaten da, eta oraindik badut berriro parte hartzeko aukera. Polita izango litzateke bigarren aldiz irabaztea maila utzi aurretik", adierazi du.

Handik astebetera, Espainiako txapelketan hartu zuen parte Valladoliden. Asteburu horretan Pedro Etxeberriari utzi zion Pegaso, eta bera Destro txakurrarekin irten zen. Azkarrena izan zen, Luis Gilera kataluniarraren eta Arkaitz Vicente tolosarraren aurretik.

Udazkeneko eta neguko kirola

Zumaian bada txakur kroserako afizioa. “Hamar bat edo gaude, baina bakoitza bere aldetik entrenatzen gara. Ordutegiak ez dauzkagu igualak, txakurrak ere bakoitzak toki ezberdinetan ditu: Artadin, Aizarnazabalen, Arroan… Azkenean, txakurrak dauden tokian entrenatzen zara”, esan du. 

Urrian hasten da txakur krosen denboraldia, txakurrek hotza behar baitute korrika egiteko. “Nahi izanez gero, astebururo daude lasterketak. Espainiako kopak bost asteburu hartzen ditu, Euskadiko txapelketak sei, lasterketa popularrak daude herrietan, Errioxako eta Gaztela eta Leongo liga…”. Diru kontua izaten da, ordea, askotan jendea atzera botatzen duena. “Nire mailan, Euskal Herrian ez gaude asko, bost bat. Espainia mailan, berriz, jendea egon badago, baina ez dira lasterketetara joaten. Lagun batek aipatu zidan ez zuela Espainiako txapelketan parte hartuko ez zuelako dirurik. Niri ere ez dit inork dirua ematen, orain Munduko txapelketa irabazita zerbait eman didate, baina apenas balio izan dit joan-etorriko hegazkina ordaintzeko. Hala ere, bi babesle ditut eta gaitzerdi. Canon-ek pentsua ematen dit, eta Blai albaitariak materiala”, azpimarratu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide