Behin saltaka hasita, ez dago geldituko dituenik

Baleike 2018ko martxoaren 15a

Otsailaren 17an izango da Zumaiako Herri Lasterketa. Korrika egitearen moda aparraren moduan hazi den heinean, areagotu egin dira izaera herrikoia galdu duela dioten ahotsak. Marka pertsonal eta erronka kolektiboetatik harago, badira oraindik balio tradizionalekin saltaka ibiltzen direnak, hala nola, laguntasuna eta elkartasuna. Korrika egitearen onuraz eta alde “ilunez” aritu dira Isabel Serna Arrizabalaga, Ana Igual Lazkano, Iratze Iruretagoiena Egaña, Josune Cintero Cardenas eta Irene Martin Zubimendi.

(Erreportaje hau otsaileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen)

“Bizipoza”, “terapia moduko bat” edo “bizimodua errazten du” bezalako hitzak erabili dituzte korrika egiteak zer ematen dien galdegindakoan. Lasterketa eta lehiaketetatik harago, larunbatero lagun giroan biltzen diren bost emakume dira. “Korrika egin bai, baina elkarrekin”, diote elkarri begira. Lehen ez zuten elkar ezagutzen, eta korrikari esker lagun min bilakatu dira. “Asko ematen dizu, eta korrika egin ezin duzunean ere hutsunea handia da”.

Isabel, Ana, Iratze, Josune eta Irene. Bakoitza bere etxekoa izan arren, zapatilekin ibiltzean sentitzen den zirrarak batzen dituen bost emakume. Bakoitzari bizitzako garai ezberdinean iritsi zitzaion sufrimendua plazer bilakatzeko parada. Hori bai, bat egin dute esatean prozesua “pixkanakakoa” izan dela. “Betidanik gustatu izan zait mendian ibiltzea, baita korrika egitea ere. Ez da harritzekoa biak uztartu izana”, dio Iratzek, bera baita, azkenean zitara huts egin duen Ane Izagirrekin batera, gainontzekoei korrika egitera animatu zituena. Hala berretsi du Irenek: “Biak ikusten nituen, eta, jo, inbidia ematen zidaten. Pixkanaka beraiekin hasi nintzen, baina oso onak direnez, astean zehar gehiago entrenatzen nintzen larunbatean beraiekin joan ahal izateko”. Betidanik gustatu izan zaizkio kirola eta natura Ireneri, eta korrikak bi esparruak batzeko aukera ematen dio.  

Gaur egun zaletasun bera izan arren, jatorri ezberdinetatik datorkie korrika egiteko gogoa. Batzuek mendian eta naturan aurkitu dutena besteek etxean zuten haurtzarotik: “Gure aitak maratoiak egiten zituen, eta, tira, niri ere beti gustatu izan zait korrika egitea”, adierazi du Anak. Lehen korrikaldi horietatik hamaika urte pasa direla ohartu denean, begiak zabaldu ditu eta irribarrez oroitu ditu oroitzapenak: “Hasieran bakarrik joaten nintzen, baina Iratze eta Anerekin pixkanaka elkartzen hasi eta azkenean hirurok elkarrekin irteten hasi ginen. Gainera, garai haietan Isabel bizilaguna nuen, eta horrek ere lagundu egin zidan. Asteburuetan elkarrekin geratzen ginen”. Dagoeneko lagun minak dira duela urte batzuk ustekabean bizitzak elkartu zituen korrikalariak. “Isabel psikologikoki oso indartsua da eta horrek asko lagundu izan digu beti, bai lasterketetan, baita entrenamenduetan ere”. Taldeko zaharrena bera dela dio Isabelek. “Zaharrena ez, esperientzia gehien duena”, zuzendu diote beste laurek. “Duela hamabost urte hasi nintzen korrikaz gozatzen. Gazteago nintzenean gorroto nuena gaur egun neure buruarekin egoteko bide ezin hobea da”. Lagun giroan aritzea maite du Isabelek, nahiz eta lasterketek duen “emozioa” ere ederra dela nabarmendu. “Polita da helburuak betetzen dituzula ikustea, eta hori azkenean proba batek ematen dizu”. Bat egin du Josunek Isabelekin: “Lasterketak ere beharrezkoak dira norberaren gaitasunak ezagutzeko”. Hala ere, elkarren artean sortu duten laguntasunarekin geratzen da. “Lagun talde bat osatzen dugu korrika talde bat baino gehiago. Momentu bereziak bizi ditugu, ez bakarrik korrika, ondorengo afari eta bazkariak ere garrantzi handia dute”. “Oso denbora gutxi” daramala korrika eta taldeko “kakatiena” dela argi utzi nahi izan duen arren, taldekideak arduratu dira gauzak bere lekuan jartzeaz: “Nahi duena esango du, baina azaroan Donostiako Maratoia egin zuen”.

Otsailaren 17rako prest

Gauzak ondo bidean, bostetatik hiruk hartuko dute parte Zumaiako Herri Lasterketaren 34. edizioan. “Oraindik ez dugu izena eman, baina bai, hartuko dugu parte”. “Beti bezala azken momentuan apuntatuko gara”, dio Anak, ohiko joera zein izaten den jakitun. Josunek ere Erribera kalea zeharkatzea espero du, baina aitortu du lasterketa baino lehen beti zalantza berdinak izaten dituela. “Hasten zara pentsatzen ea ondo entrenatuta zauden, ea ondo egingo duzun”. “10 kilometro egiteko prest gaude”, esan dio Irenek. Isabelek, ordea, “prest” horren atzean zer dagoen argitu nahi izan du. “Urtez urte denbora hobea egin nahi duzu eta gehiago estutzen duzu zeure burua”. Presio hitza aipatu ez badute ere, badakite zer den herriaren aurrean lasterka egitearen zama sentitzea.

Izan ere, nahiz eta Zumaiako Herri Lasterketa baino ibilbide “gogorragoak” egin izan dituzten, etxean jokatzen duenak badaki zer den fokua norberaren gainean edukitzea. “Herrian zure exijentzia puntua handiagoa da; jende ezagun gehiago dago eta hori nabaritu egiten da”, aitortu dute bostek. Hala ere, Iratzek ez du ardura guztia korrikalariengan jartzen, zumaiarrei ere badagokie presio horren pisua: “Herriko jendeak ia egunero ikusten zaitu korrika, eta hori aitzakia gisa hartuta, zugandik izugarrizko lorpenak espero dituzte”.

“Herri txiki, infernu handi” esan ohi da, eta korrikalariek entzun izan dituzten komentarioek esamoldea indartu baino ez dute egiten. “Entzun izan dugu: ‘Egun osoa korrika ondoren horrela amaitzeko? Bueno bueno…’”. Presioa, berriz, lasterketak azken urteetan izan dituen ageriko aldaketei egozten die Anak: “Lasterketa asko aldatu da. Lehen oso gutxi irteten ginen eta orain kontrakoa da: nork ez du korrika egiten? Horren ondorioz, lehen animo hitzak izaten zirenak egun bestelakoak dira. Ematen du punta-puntako korrikalaria izan behar duzula”. Isabelek bi faktoreak hartu ditu kontuan herrian korrika egiteak dakarrena azaltzeko orduan. Bada, fokua norbanakoan jarri du: “Bai, entzun izan ditugu komentario desatseginak, baina geure buruari eskatzen diogun maila ere ez da nolanahikoa izaten askotan”.

Dena dela, begiradak begirada eta komentarioak komentario, bost lagunek ingurukoen babesa nabarmendu dute: “Oso polita da lagun eta senitartekoez beteta dauden kaleetan barrena gehien gustatzen zaizuna egitea”. Irenek barrurantz begiratu du eta onartu du azken lasterketetan etxekoak helmugan ez izatea gogorra egin zitzaiola. “Bost gara etxean, kasualitatez Euskal Kostako lasterketa izan zen egunean guztiek konpromisoren bat zuten. Niretzat helmugara iritsi eta etxekoen besarkada jasotzea bezalakorik ez dago”.

Sare indartsu baten babespean

Inguruan sare indartsu bat eduki ezean, nekez atera daitezke goizeko 06:00etan korrika egitera joateko indarrak. “Askotan ez dakit nola joaten garen ilunpetan entrenatzera. Euritan, hotzarekin, buruan linterna jarrita…”, onartu du Josunek, barruan daramaten gaitasunak harrituko balitz bezala. Jasotzen duten babesa beharrezkotzat jo dute bostek, laguntzarik gabe amaierarik gabeko maratoia izango bailitzateke euren gogoa. “Egia esan, suerte handia dugu. Etxekoek asko animatzen gaituzte, bai Zumaian, baita gainontzeko lasterketetan ere”. Isabelek hiru hilabete daramatza min hartuta, eta bolada zail xamarra pasatzen ari da. Hala eta guztiz ere, seme-alabek ematen diote behar duen bultzada, erabat sendatu eta berriz korrika egiteko. “Azkenaldian makina aldiz aipatu izan dut etxean behar bada ezin izango dudala gehiago korrika egin. Hori entzun bezain laster, biei aurpegia aldatzen zaie eta horrelakorik ez esateko agintzen didate. Zoragarria da laguntza hori izatea”.

Babesgunearen atzean dagoenari ere aitortza egitea ariketa polita izaten da. Baina amaren, emaztearen, lagunaren edo lankidearen paperak zerk dakar ezinbestean? Gertukoenentzat ispilu bilakatzeko aukera, besteak beste. Korrikak hori ere eman die: “Dudarik gabe, gure seme-alabentzat batez ere, erreferenteak gara. Kirolaren bidez balioak transmititzen dizkiegu, eta, nolabait, eredu gara beraientzat”. Korrika egiteaz harago, badakite orokorrean edozein kirol praktikatzeko pizgarri izan direla eta aurpegietan nabaritzen zaie zein harro dauden lortutakoaz. “Azkenean, zer ikusi, hura ikasi, eta kirola denez, irabazi dezaketen guztia ona da”, zehaztu du Josunek.

Erreferente bilakatu diren modu berean, beraiek ere izan dituzten pertsona eredugarriak alboan. Anak, esaterako, aita ikusi izan du betidanik joan-etorrian galtza motzak jantzita eta berarekin ere irten izan da hainbat lasterketatan. Ordutik gauzak “majo” aldatu direla dio. “Izaera herrikoia galdu da. Orain ematen du erlojuari begiratuz egin behar duzula korrika, eta disfrutatzea albo batera utzi behar duzula”. Abenduaren 31n, herri osoak zapatilak jantzi zituen egunean, lehengo “jai giro” hori bazegoela dio Anak.

Transmisioan zuloa

Denbora ez da alferrik pasatzen, ordea, eta pertsonak, natura eta hiriak aldatzen diren heinean, gizartea ere egoera berrietara egokitzen doa. Tira, edo hala nahiko luke batek baino gehiagok. Bide horretan, badute zeresana mahaiaren bueltako lagunek: “Guk lortu genuen lasterketa korrikalari guztientzat 10 kilometrokoa izatea. Hasieran, bost kilometroko proba emakumezkoentzat baino ez zen”. Anak gogoan du nola bere lehen Zumaiako Krosa aitaren eta Isabelen ondoan izan zen eta memoriak huts egin ez badio, oroitu du lasterketa modu parekidean egin zen lehen aldia izan zela. Hamar urte geroago, otsailaren 17an, norberaren neurrietara hobekien egokitzen den ibilbidea aukeratzeko parada edukiko dute kirolariek. Fran Aizpuruari (Zumaiako lasterketaren antolatzaileari), galdeginda, adierazi du emakumeen parte hartzea nabarmen igo dela. “Hasierako lasterketetan ere baziren emakume korrikalariak, baina gaur egun askoz gehiago dira”. Batez beste, parte hartzaile guztiak kontuan izanda, 100-120 emakumek ematen dute izena. 400 korrikalari inguru izaten direla aintzat hartuta, oraindik badago zer hobetu arlo horretan ere.

Transmisioan, aldiz, parentesi bat eman dela hausnartu dute: “Gazteen aldetik hutsune bat nabari dugu, 20 urte inguruko jendeak ez du korrika egiten”. Irenek eta Iratzek taldearen garrantzia nabarmendu dute, eta denborak bere lana egitea ere funtsezkoa dela diote. “18 urterekin ez zara joaten korrika egitera. Beste norbait edo talde bat bilatu behar duzu, eta adin horretan oso zaila da inor bilatzea”. Isabelek esan du, ordea, urteak aurrera egin ahala, lehentasunak aldatzen doazen heinean, hasiera batean gustuko ez diren gauzak maitatzen amaitzen duzula, eta hori bere esperientziak berresten du. “Gorroto zenuen gauza hori une jakin batean zure irtenbidea bilaka daiteke”. Amatasunarekin lotu du Anak, norberarentzako uneak izaten baitira korrika saioak. Erabat ados daude gainontzekoak, eta autozaintza prozesu bat izango bailitzan, tentsio eta eguneroko korapiloak askatzeko biderik azkarrena dela iritzi diote. Dena dela, lotsak eta penak alboratu eta korrika taldera batzeko deia zabaldu du Josunek, hasiera guztiak bezala jardun honetan ere erritmoa hartzea izaten baita gakoa. “Jendeak esan izan dit animatuko litzatekeela gurekin korrika egitera, baina onak omen garenez, nahiago dutela etxean geratu. Inondik inora ere ez! Nahi duena etor dadila, edozein!”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide