Iazko denboraldi apartaren ondoren, Sevillakoa da jokatuko duen lehen txapelketa. “Ondo etorriko da indarrak neurtzeko aurkariekin”, adierazi digu. Helburua domina lortzea dela gaineratu du, “bai 2.000 metroan eta bai 5.000 metroan”.
Neguko prestakuntza “oso ondo” joan dela dio Peña. “Ondo egin dut lan neguan eta azken hilabete hau Galizian pasatu dugu kontzentratuta, entrenamendu oso gogorrak izan dira”.
Iaz Francisco Cubelosekin osatu zuen bikotea eta emaitza izugarri ona izan zen. Horren erakusgarri dira Munduko kopan lortutako bi garaipen eta Europako txapelketan irabazitako bi dominak, brontzezkoa K-2an eta urrezkoa K-4an. “Elkarrekin ari gara entrenatzen. Aurreko urtean sorpresa handia izan biontzat k-2ak eman zuen maila eta aurtengo denboraldiari ilusio handiz emango diogu hasiera”.
Bikoak helburu bat du buruan eta Portugalen jokatuko den Munduko txapelketan domina lortzea dela dio Iñigok. Horretarako, aurretik, apirilean Espainia mailan izango duten hautaketa proba gainditzea izango da. “Aurreko denboraldian Munduko Kopako estropada guztietan urrezko domina lortu genuen, baita Europako txapelketan ere, baino Munduko txapelketan dominik gabe itzuli ginen. Arantza hura kentzen saiatuko gara”.
Oraindik bi urte falta badira ere, Tokioko joko olinpikoetan parte hartzea helburu nagusi izango dute. Parte hartzaileen artean izango ote da? “Espero dut baietz, behin Rio 2016 pasa ondoren, nire kirol karrera mentalki lasaiago hartzea nuen helburu, eta momentuz bide onetik noala uste dut”.