Nahiz eta bere lanak askotan ikusi diren Zumaian, lehenengo aldiz aurkeztuko du erakusketa bat Oxforden Luisa Aldaburu artista zumaiarrak. “Nire lehenengo erakusketa Forondan egin nuen duela 27 bat urte. Akuarela eta tenperak erabiliz, marrazki sorta bat jarri nuen Forondako gela batean”, gogoratu du. Arte Ederrak ikasi zituen Leioan, eta ordutik, Zumaiako hainbat tabernetan ere erakutsi ditu bere lanak. “Hurrengo taberna arte izeneko mugimendu polit bat egon zen Zumaian, eta herriko beste artista batzuekin batera, tabernetan jartzen genituen gure lanak”, aipatu du.
Grabatugintzan espezializatu zen Aldaburu, baina marrazkiak eta ilustrazioak ere atsegin ditu. Hain zuzen, Sasi artean erakusketa honetako pieza batzuetan pintzelez egindako irudiak edo ilustrazio txikiak sartu ditu.
Lehen aldiz aurkeztuko du erakusketa hau jendaurrean, eta lanak egiteko erabili duen teknika mistoa izan da. Margolan gehienak ohol gainean egin ditu. “Ez dut modu klasikoan margotu. Koadro denak bidimentsionalak dira, baina era berean, erliebea dutenez, hiru dimentsionalak dira. Ia guztiek dute ezaugarri hori”, nabarmendu du.
Guztira, 69 koadro, eta 27 eskultura egin ditu. Koadroetan, kolore suabeen eta paperaren presentzia handia da. “Ez zaizkit kolore saturatuak eta deigarriak gustatzen. Armonia bilatzen dut”, aipatu du. Paperaren protagonismoa, aldiz, nabarmena da. “Papera da oinarria eta koadro guztietan dago. Gainera, beharrarengatik edo ez negoelako gustura ikusten nituen paper motekin, ni neu hasi nintzen papera egiten”, aitortu du. Prozesu horretan, adibidez, Aldaburu berak erabaki du paperari pigmentua bota eta kolorea erantsi edo ez.
Eskulturei dagokionez, harria izan da gehien erabili duen materiala. Besteak beste, alabastroa, marmola eta areniska. Horretaz gain, zeramikazko 4 pieza sortu ditu.
Edertasuna zalantzan
Aldabururen ikerketa lerroa kanonetatik edo klasikotik aldentzen diren bideak jorratzea da. Batzuen iritziz, arteak edertasuna bilatzen du baina zumaiarrak zalantzak ditu. “Artea gauza politekin lotzen da, ederrekin, eta gustagarriekin. Baina nire ustez hori ez da premisa bat. Inportanteena da norberarena adieraztea. Artea adierazpide bat da, eta ez du zertan edertasunaren bila ibili behar”, azpimarratu du.
Hain zuzen, Sasi artean erakusketaren esentzia bide horretatik doa. Desafio edo erronka moduan hartu du obra honen egikaritza Aldaburuk, eta edertasunaren kontzeptutik urruntzen saiatu da: urradurak daude, koadro ertzak zaindu gabe... “Uste izaten denaren, hau da, garbia, zuzena, kontrolatua eta txukunaren kontrakoa egin dut”. Horrela sentitzen da Aldaburu libreago. “Estutu egiten dit edertasunaren bilaketa horrek, beraz, presio guzti horiek kentzen ditut, eta, gozatuz eta askatasunez, nire gustukoa egiten dut nahi dudan moduan”.
Aldabururen artea naturaltasun batetik eta dauden exijentzia eta klitxeetatik libre garatutakoa da. Sasi artean obrarekin ere hori lortu du. Baina zergatik jarri dio izen hori? “Sasia basatia da, ezkutua eta mina ere iradoki dezake. Sasia hitzarekin gainera, esamolde asko daude. Adibidez, sasi artean egotea, arazoetan egotea da. Alde negatiboa du, baina baita ere positiboa. Sorginek esaten zuten moduan ‘sasi guztien gainetik, eta hodei guztien azpitik’ esaldiarekin bat eginik, zeru eta lurraren arteko erdigunean kokatzen zara. Horrek esanahi du dena kontrolpean duzula eta oreka zaudela, hau da, libre”.
Erakusketaren izenburuarekin, artean hitzarekin, arteari ere keinu egin nahi izan dio. “Hau da, sasi artean egotea onerako edo txarrerako. Maite dugun arte bat izan daiteke, edo ez. Historian zehar artea herrian garatu da, umiltasun batean, eta horri, sasi artea deitu daiteke”.
Erakusketaren irekiera gaur izango da 19:00etan, eta apirilaren 2ra arte egongo da egunero zabalik 18:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan goizez ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.