Bi urteko haur bat daukagu, eta eguraldi txarrarekin ez da erraza negua pasatzea gure herrian. Parke estalirik gabe eta babesleku epelik gabe, nora joan askorik ez zaigu gelditzen umearen beharrak kontuan hartzen baditugu. Haurrak aske mugitu eta jolasteko beharra du, eta noiz behinka taberna batera joan gintezke, pintxo bat jan edo kafe bat hartzera, baina badakigu tabernak ez direla haurrentzako lekurik egokienak.
Zalantzarik gabe, lehenengo kaltetuak haurrak dira, baina baita gurasook ere! Guk ere gure inguruko jendearekin bildu eta solasean aritzeko beharra dugu, umeei begira lerdea dariola gauden bitartean hartaz eta hontaz aritzeko, gure antzeko egoeran dagoen jendearekin bildu eta esperientziak konpartitzeko.
Eskerrak udaberri eta uda polit bat aurretik dauzkagun, eta horrek bizipoza ematen digu! Hala ere, datozen neguak arinagoak izan daitezen, txikienentzako eta hauek zaintzen gaudenontzako, ez al da posible elkargune bat?
Oihana Aizpurua Perez
Uhin Loiola Uranga
Maite Mendia Ugarte