GUTUNA: Negua joan da eta, baina…

Ibon Manterola Garate, Nerea Goiria Mendiolea eta Axier Lopez Rodriguez 2018ko mar. 22a, 09:14

Udaberria sartu da, baina neguz mozorrotuta. Luze doaz, negua, euria eta hotza. Atera eta ateri sinonimo bilakatu zaigu gurasooi, eta ostarte eskasak baliatzen ditugu, barraskiloen antzera, etxeko oskoletik burua aterako. Etxeko aterpetik at, haize pixka bat hartzeko bada ere. 0-6 urte bitarteko haur eta gurasoen beharrek eta etxeko lau hormek askotan talka egiten dute. Txikiren bat zaindu eta hezi behar duen orok ondo daki eguraldiak zenbat baldintzatzen duen bizitza, eta heziketa bera.

Haurraren garapena eta erritmoak errespetatu nahi ditugu, eta bide horretan ezinbestekoa da mugimendua. Mugimendua eta jolas librearen bitartez, umeak hasten dira beren gorputza ezagutzen, izaera garatzen eta mundua deskubritzen eta. Ingurua esploratzeko ahoa erabiltzen dute, eskuak, arrastaka, txiribueltaka, lau hankatan... pixkanaka bi oinetan jarri eta orekari egiten diote aurre, helduleku bila, bakarrik.  Bakoitza bere erritmoan, patxadaz baina bakarrik egin beharreko bide berri eta zoragarria.  

Hori guztia kontuan hartu nahi badugu, haurrak beren kabuz mugitu eta esploratzen utzi nahi baditugu, eguraldi txarra dagoenean Zumaian etxean geratu beste erremediorik ez dugu. Euskal Herria eta euria, ez dute alperrik errima egiten. Zumaian sarri hotz egiten du eta askotan euria. Zorua busti eta giroa hotz. Urteko egun askotan ezinezkoa da haurra parkean edo kalean izatea, lurrean jolastea.

Norberaren etxetik ezin ateratzeak ere badu eragin negatiboa gurasoongan. Gurasoontzat ere egoera berdinean dauden beste gurasoekin elkartzea oso osasungarri zaigu. Irakaspenak, frustrazioak, pozak, beldurrak… ideiak elkartrukatzeko, bakoitzak bere bizipenetatik bestea elikatzeko, laguntzeko eta ikasteko.

Jaiotze tasarik handiena duen herrietako bat da Zumaia. Azkar hazten ari da. Herri gaztea da, ume eta guraso asko duena. Baina, tamalez, oraindik ez dago ume eta gurasoentzat egokitutako lokalik. Geroz eta herri gehiagotan ari dira sortzen guraso eta haur txikientzako topalekuak, gure beharretatik abiatuta. Zumaian ere gurasook kudeatutako lokalaren beharra oso agerikoa da. Gurasook atondu eta garbitu, ume eta aita-amentzako ekintza kulturalak antolatu, negu hotzenean ere umeak lagunekin jolastu… Finean, bizitzaren gainerako kontu guztietan bezalaxe, guraso izatea politagoa eta ederragoa da esperientzia konpartituz gero. Horretarako behar dugu guztiontzako lokal bat. Bakoitzak bere etxeko lau hormetatik atera eta, elkar lagunduz, komunitatea sortzeko. 

Horregatik, 0-6 urte bitarteko ume eta gurasoen garapena errazteko, garrantzitsua zaigu topaleku fisiko bat. Udal gobernuari luzatu diogu proposamena, hurrengo negua aurtengoa bezain luzea izan ez dadin.

 

Ibon Manterola Garate, Nerea Goiria Mendiolea eta Axier Lopez Rodriguez

Erlazionatuak

GUTUNA: Barru giro

Oihana Aizpurua Perez, Uhin Loiola Uranga eta Maite Mendia Ugarte 2018 mar 21 Zumaia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide