Proiektua aurkezteko egindako prentsaurrekoan, Olanoz gain, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak eta Luistxo Fernandez, CodeSyntax enpresako kide eta JarriON aplikazioko garatzaileak hartu dute parte. Foru arduradunak gogoratu duenez, 2deoren ibilbide guztia ikus-entzunezkoen sektoreko eragileen eskutik egin da, eta gaurko agerraldia ere horren isla izan da.
Olano pozik agertu da JarriON eta Go!azen Transmedia egitasmoek lortutakoarekin. "Euskara eremu berrietara eramaten du batek, eta gazteek euskara kontsumitzen dutela erakutsi digu besteak, betiere eduki interesgarri eta erakargarriak ematen badizkiegu", esan du. UPV/EHUk Aldundiarentzat eginiko ikerketa baten arabera, gaztelania da nagusia Gipuzkoako gazteek kontsumitzen dituzten euskarazko ikus-entzunezko edukietan, batik bat, egun dagoen aukera faltagatik da. Hala ere, ikerketa honen arabera, euskarazko Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzearen aldeko jarrera irmoa erakusten dute lurraldeko eskualde gehienetan.
Hutsune hori betetzeko ahalegin bat egin behar dela uste du Olanok. "Ikus-entzunezko produktuen kontsumoa gero eta handiagoa da eta testuinguru horretan euskararen presentzia handitzea ezinbestekoa bilakatzen da, hizkuntzaren erabilera areagotzeko. Era berean, euskal kultura eta identitatearen transmisioa gelditu edo geldiagotzeko arriskua dago", ohartarazi du Diputatu Nagusiak. Laborategia datozen hilabeteetan jarriko dela martxan, aurreratu dute. Donostiako Tabakaleran kultura zentroan kokatua egongo da.
JarriON proiektua
JarriON proiektuari dagokionean, mugikorraren bitartez telebista kontrolatzen duen softwarea garatu da, Chromecast izeneko gailuaz baliatuz. Aplikazioa jada eskuragarri dago Android mugikorrentzako edota www.jarrion.eus webgunean. Euskarazko ikus-entzunezko eduki ezberdinak biltzen ditu, bai hedabide zein eragile eta norbanako ezberdinenak. Eduki hauek, esan bezala, gero telebistan proiektatzen dira.
Luistxo Fernandezek azaldu duenez, telebistaren kontzeptua aldatzen ari da gaur egun: "Ikusteko ohituretan, gero eta gehiago saioak nahieran, nahi dugun unean, nahi ditugu". Testuinguru honetan, "JarriON euskarazko edukiak eskura ditugun bi pantaila inportanteenetan ikusteko tresna da, hainbat eduki nahieran mugikorrean eta telebistan ikusteko".
Go!azen Transmedia ekimena
Go!azen Transmedia ekimenaren helburua, bere aldetik, Go!azen ETBko telesail arrakastatsua transmedia produktu bilakatzea da. Hau da, istorioa euskarri desberdinen bidez elikatu eta euskarri bakoitzean garatzen diren pasarteak osagarri bihurtzea. Horretarako, Go!azen telesailaren aurtengo denboraldian sare sozialak erabili eta mugikorrerako aplikazio bat plazaratu da, arrakasta handia izan duena. Zehazki, App-k 25.000 erabiltzaile aktibo izatea lortu du.
"Go!azen Transmedia proiektuarekin aurrera pausu bat eman nahi izan dugu, bi helburu nagusirekin: bateko, euskararen presentzia sarean eta gaztetxoen artean igotzea, euren espazioetara hurbilduz eta euren hizkuntza erabiliz, eta, besteko, Go!azen eta bere unibertsoa zabaldu eta indartu", azaldu du Maite Iturbek. Sare sozialetan eta aplikazioaren bitartez egin den lanaren bitartez, helburua izan da "Go!azen komunitatea sortu, interaktibitatea eragin eta eduki esklusiboak eta erakargarriagoak eskaintzea". "Funts hauekin guztiekin, gure asmoa telesailaren hurrengo denboraldiari begira da aplikazioa hobetu, funtzionalitate berriak sartu eta bisualagoa eta dinamikoagoa egitea", adierazi du EITBko arduradunak.