Darahli18

Darahli18: Lehertu dadila abentura

Miren Osa Galdona 2018ko mar. 26a, 08:15

“Oso gustora gabiltza. Momentuz esperientzia zoragarria ari da izaten eta hasi besterik ez dela egin pentsatzea ederra da”. Hala diote Izaro Oleagak eta Aiora Perezek . 16 urte dituzte eta euren bizitzetan lehen oinazea utziko duen bidaia izango delakoan dira. Bi egun daramatzate bertan eta jadanik guztia egiten zaie zirraragarria: etxeak, ohiturak, kalera atera eta guztia hondarrez beteta ikusteak… Egiari zor, ez da gutxiagorako; aho bete hortz geratzeko inguruan igaroko dituzte datozen egunak.  

Martxoaren 25a da, igandea, bidaiako bigarren eguna. Eguzkiak gogor jotzen du, baina lanerako gogoz agertu dira gazteak. Goizeko 9:30etan hasi eta eguerdi aldera amaitu dute Daira zuriz pintatzea. Goitik behera zerri eginda amaitu du talde erdiak, lan gogorra egin dutenaren seinale. Izan da teilatura igo denik ere. Umeak bidelagun izan dituzte, han hemenka irriz eta algaraz alaituz bazterrak.  Dena ondo bidean, arratsaldean bigarren eskua emango diote Udaletxeko paretari. Bi kolore izango ditu, eta gaur gaurkoz, erditik gora doan zuria baino ez dago eginda.

Udaletxearen kanpoaldea pintatzeaz gain, sare elektriko berria ere jartzekoak dira Darahliko kideak. Uste baino lan gehiago izango dute, baina gazte koadrila gogotsu dabil Peio irakaslearen aginduak betetzeko. Hasiera aldrebesa izan dela esan du Peiok, “martxa hartu arte” izaten dela, baina begi onez ikusten du proiektua. Hemengo kablea, hango entxufea, tresneria ez dela oso ona…, bada kontua eta festa txispa artean! Datozen egunetan ikusiko da gaur hasitako lana nola amaitzen den.

48 ordu baino ez daramatzate hemen, baina bati baino gehiagori eman dio astia etxekoekin harremana estutzen hasteko. Famili batetik bestera aldaketa handiak daude, ekonomikoak nahiz azpiegiturazkoak: komunik ez eta egin beharrak zulo batera egin behar dituztenetik, senideren bat atzerrian izanagatik bizi maila altuagoa dutenetara. Hala ere, bereizgarriak albo batean utzita, zumaiarrei eginiko harrera beroa eta atsegina izan dela diote gazteek.

Gaueko 23:00ak aldera lurreratu zen hegazkina Tindufen. Aurreikuspen guztiei muzin eginez, garaiz eta behar bezala. Tira, materialez betetako kaxak Bilbon geratu ziren baina gainontzean guztia uzte baino hobeto irten zela dirudi. (Materiala bi egun beranduago iritsi da Zugera). Gerretako pelikuletan irudikatzen dituzten kamioi antzeko batean jarri genituen motxilak eta Malaga Centro zioten hiri autobus banatan banatuta, Zugerako bidea hartu genuen. Ilargia bidelagun izan genuen, eder bezain handi. Ordubete inguruko bidearen ostean, herrira iritsi ginen. 3:00ak inguru izango ziren. Dairan bildu eta familia bakoitzeko emakumea zain genuen etxeetara joateko. Zaintza, hemen ere, emakumeen gain dagoela ikusi genuen lehen unetik.

Goizeko 11:30 genuen larunbateko lehen hitzordua, baina ziur aski goizaldeko 6:00etan bat baino gehiagok begiak ireki zituen errezatzera dei egiteko bozgoragailuko deiak iratzarrita.

Ongietorri xume bat zuten prestatua herriko ordezkariek. Jalifa izeneko emakume kementsu bat da herriko alkatea eta bere hitzekin eman zion hasiera ekitaldiari. “Zumaia asko maite dugu. Esfortzu ekonomikoaz eta materialaz gain, balio humanitario handi bat dagoela badakigu eta bihotzez eskertu nahi dizuegu”.

Arratsaldeko ekitaldia ildo beretik joan zen arren, kutsu instituzionalago bat izan zuen. Bi herritako alkateek hartu zuten hitza eta Frente Polizarioko arduradun nagusia ere bertan izan zen. Kausa politikoarekin bat egitea eskertu zuten Saharako ordezkariek eta bi herrien arteko elkartasunak etenik ez izatea opa izan zuten. Zumaiar gazteek dantzekin jarraitu zuten arratsaldeaz gozatzen eta sahararrek kantu bizi eta alaiez erantzun ziguten. 

Guztiak ondo daude: inork ez du inongo minik izan, ez kalentura ezta beherakorik ere. Datozen egunotan esperientziaren joan etorriak bildu eta ahalik eta modurik zintzoenean kontatzen saiatuko gara. Oraindik asko geratzen baita bizitzeko, baita sentitu eta ikasteko ere. Lerrootan bidaiaren inpresio bat baino ez duzue jasoko, senideen hitzetan goxoago jasoko baitituzue bizipenak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide