Darahli18

Darahli18: Galderak bata bestearen atzetik

Miren Osa Galdona 2018ko mar. 28a, 17:42

Egunak aurrera doaz. Bizipenak ugaritzen ari dira eta lerrootan dena biltzea lan mardula ari da izaten. Gehienbat, eguneroko martxak ez duelako uzten hausnartzeko denbora; patxadaz begiratu eta gertatzen ari denaren inguruko inpresio bat jasotzeko bederen. 

Prozesu hori lagungarria egiteko lehen bidelaguna ezagutu genuen asteartean. Roger Sarobe du izena eta katalana da. Bartzelonatik Saharari eskaintzen zion laguntza urria zela iritzita, kanpalekuetan jarri du bere bizitokia. Bost urte daramatza hemen eta badu zer kontatua egungo egoeraz. Oro har, testuinguruaren garrantzian jarri zuen fokua: kanpalekuok ez baitute antzik ikustera ohitu garen Greziako errefuxiatuen kanpalekuekin eta horrek anabasa nahiz uste okerrak sor ditzakeela dio. “Hemengo etxe askotan telebista dago, baita hozkailua ere. Horrek ez du esan nahi, ordea, ondo bizi direnik, Giza Eskubideen etengabeko urraketa pairatzen baitute. Hor sortzen zaio nahasmena bisitariari: errefuxiatuak bai, baina mugikorrarekin? Niri ez didate ziririk sartuko! Gatazka hasi zenetik 40 urte pasa direla kontuan izan behar dugu eta maiz ahaztu egiten zaigu”. 

Ikasitakoa deseraikitzen igarotzen dira urteak. Gaur ziurra zena, bihar zalantza izan daiteke eta etzi ezereza. Rogerrek dio bidaia barrura begirako lanketa gisa hartu beharko genukeela, ez kanpora begirako itxurakeria moduan. Eginiko lanak ondo daudela, baina une batez barrura begiratzeko aholkua eman du galdera airera bota du: “laguntza zenbateraino da sahararrentzat eta zenbait zuotako bakoitzarentzat? Begiratu barrura eta hausnartu”.  Ideia burutik kendu ezinda gabiltza; gure kontraesanekin borrokan. Sahararrei laguntzera baino, gure buruari bultzadatxo bat ematera etorri ote ez garen galdeginez etengabe. Galdera mahai gainean dago, hemendik aurrera atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.  

Roger Sarobe kooperante kataluniarra.

Bestalde, lanek ez dute etenik kanpamenduan: Daira eraberrituta utzi dute darahlitarrek eta sare elektrikoari azken ukituak baino ez zaizkio geratzen. Peio irakaslea bera harritzerainoko lana egin dute gazteek eta harro egoteko moduan direla dio behin eta berriz. Herria garbitzeko asmoa ere badago. Datozen egunetan lurrean aurkitutako zaborra sailkatu eta herritarrekin auzolanean Zug txukuntzen ahaleginduko dira. Zaborraren auziak gurean zeresana ematen badu, hemen arazo larria da. Haurrekin ere tailerrak egingo dituzte. Antzerkia, aurpegiak margotzea eta eskulanak egitea izango dira zereginak, besteak beste.

Gutxi batzuk Ines medikuaren eta Ane erizainaren konpainian pasa dituzte azken egunak. Ohikoak diren gora beherak baino ez dira pasa, ezer larririk ez: ondoeza, beherakoa eta botaka egitea izan dira egunotako joerak. Inesek goxo eta tentu handiz hartu ditu bere kontsulta inprobisatuan, haurtzaroko garaietan bezala, eta gaur gaurkoz, denak osatuta daude.

Asteazken goizean Nelson Mandela zenduaren biloba ezagutzeko parada izan dugu. 250 lagun bildu gara Wilayan (Foru Aldundi moduko bat), ia guztiak emakumezkoak. Hitzaldi nahiz diskurtso politikoan euren hitza ozen entzuten da eta aise betetzen dituzte bazter guztiak. Saharari elkartasuna eta babesa adierazteaz gain, Marokoko nahiz nazioarteko agintariei dei egin dio sahararren eskubideak errespeta ditzaten. Zumaiarrekin argazkia ateratzeaz gain, hurbildu zaion  orori eman dio eskua. Goiza mandelatar batekin pasatzea anekdota xelebrea izan dela esan dute gazteek ekitaldia amaitzerakoan. Hemendik aurrera ni behin Mandelarekin egon nintzen esateko moduan izango gara behintzat.

Sahararen egungo erronka handienetariko bat belaunaldi aldaketa da: gerratik ihes egin zuen amonak uneoro esku artean mugikorra duen biloba hezi behar du.  Tradizioa vs teknologia; Irautea eta bizitzea bezain lehia estua. Biak ala biak, eguneroko ogia bilakatu dira basamortuan.

Gazteek etorkizuna ilun ikusten dute. Lanik ezean ikasketak egiteko grinarik ez dute eta lanabesa ere ura bezain urria da. Transmisioaren garrantzia lehen pertsonan bizitzen ari dira gazteak egunotan: nora zoazen galdegin baino lehen, nondik zatozen argi izatea. Memoria historikoaren proiektuak oinaze handia utziko dio bati baino gehiagori arlo horretan. Samina eta sufrimendua belaunaldi ezberdinetako emakumeengan ikusten ari baitira. Negarrari ezin eutsita dabiltza etxez etxe istorioak biltzen. Ea esperientzia baliogarria den itzultzean arreta handiagoz entzuteko amonaren eta aitonaren gogoetak.

Sahararren elkartasunak mugarik ez duela argi ikusi da egunotan: etxeko ohe, manta eta janaririk onenak eskaintzeaz gain, euren bihotzak zabaldu dizkigute eta ez da munduan dirurik hori ordain dezakeena. Asko dugu oraindik ikasteko, baita bizi eta sentitzeko ere. Hausnarketarako egongo da denbora. Momentuz mugatu gaitezen tea hartzera eta sahararrekin gozatzera, amaiera usaina hasia baita inguruotan zabaltzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide