Bi erakundeetako ordezkariek elkarlana urteetan zehar iraunkorra izateko lanean jardungo dutela azpimarratu dute aipatutako akordioan. Elkarlan horretatik abiatzen da Jokoteknia, euskarazko bideojokoen lehen jardunaldia antolatzea.
Jokoteknia Bilbon egingo da eta bideojoei buruz euskara hutsean egingo den lehen jardunaldia izango da. Bere helburua bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.
Horretarako, euskal bideojokogintza industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko dituzte, “egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko gara”.
Jokotekniako lehenengo edizioa, 2018ko maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo da.