Darahli18

Darahli18: Hasi besterik ez da egin

Miren Osa Galdona 2018ko api. 1a, 11:41

Hasten den guztia amaitzen dela uste ei dugu: zaparrada gogorrena urik gabe geratzen da, egunik latzenetan ere eguzkiak joan egin behar izaten du, eta gertu ikusten ditugun San Telmoak ere aise amaituko dira.

Badira, ordea, amaitu ez diren borrokak; helburua esku artean izatetik urrun, jomuga eguneroko guda txikietan dutenak. Sahararrek 40 urte daramatzate eurena ez den lurralde batean bizitzen. 40 urte gezurretako errealitate bat eraikitzen eta bertan nola edo ahala irauten – zurea ez den herrian behartuta bizitzeak irautetik asko baitu –.

Haimapean, ordea, biziak gutxi du irautetik eta asko goxotik. Maitasuna pauso lausoetan antzematen da, gure bizi erritmo bizkorrekin eta hutsekin zerikusi gutxi du. Familiek elkar entzuten dute, gazteek nahiz zaharrek. Ederra bezain gogorra da ezerezetik itxaropena nola loratzen den ikustea. Etxeko ateak zabaldu dizkiguten gisa ezagutu ditugu hein batean bertakoen bihotzak. Astebete exkaxean, ordea, nekez uler daiteke erabat zein den kanpalekuotako gatazka. Historia luzea eta nahaspilatsua baita eta, behar bada, 16 urterekin beste batzuk dira lehentasunak. Hala ere, zertzelada nagusiak barneratuta itzuliko direla dirudi.

88 lagun elkarren ondoan zirkulu erraldoi bat osatuz basamortu erdian, barruko korapilo eta bizipenak askatzea helburu. Hala egon ginen ostiral arratsean, paradisua gure egiteko ahaleginetan dunen gainean tinko.  Ilunabarra izan genuen lagun, mendebaldetik adio esanez egunari eta isiltasun une gogoangarri bat oparituz bertan zeuden guztiei. Ez ohiko bezain beharrezko momentua bidaiaren bezperetan. .

Ibonek hartu zuen hitza eta bi galdera jaurti zituen airera: zer nolako ideia zenuten etorri aurretik? Zein irudirekin geratzen zarete astebeteren ostean? Ustearen eta errealitatearen arteko marra gorria; bataren eta bestearen artean dantzan egitearen albo-kaltea. Herri borrokalaria, basamortua, ideia itxiak eta beldurra izan ziren lehen galderari erantzuna eman zioten hitzak. Aldiz, familia, elkartasuna, adiskidetasuna, eskuzabaltasuna, indarra eta itxaropena izan ziren kanpalekuen irudi bat eskatzerakoan azaleratu zirenak. Bistakoa da esperientziak balio izan duela, oro har, azaleko datuen artean dagoena irakurtzeko gaitasuna izan baitute gazteek.

Zortzi egunen ostean klak bat nabaritzen da: hitzak motz geratzen direla iritziko dute askok bizitakoa azaldu nahi duten bakoitzean eta zentzumen ororen premia sentituko dute. Ikusitakoa usaindutakoa bezain zirraragarria izan baita. Dastatutakoak ez luke grazia bera izango ukitu ezingo balitz; eginiko jatordu bakoitza da adibiderik argiena.

Elkartasunaren, besteekiko begirunearen eta enpatiaren sugarra piztu da eta bidaia eder baten hasiera baino ez dela dirudi. Bi herrien arteko lotura zainetan sentitzea ezin baita astebetera mugatu, gorputzak gehiago eskatuko du aurrerantzean. Orain ordena ditzagun emozioak,  bizipenak, gogoetak, ideiak eta ikasitakoak, opari eder baten emaitza baita. Ez ditzatela San Telmoek hondar hutsean utzi aste betean lorategia zirudienak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide