Jada ohikoa den bezala, bisitari andana izan da Itzurunen edo San Telmon Game of Thrones telesailak edo Ocho apellidos vascos pelikulak erakarrita. Urteak igaro dira pelikula honetatik, baina, badirudi oraindik badagoela "pelikulako iturria eta ermita" ikusteko gogoz Zumaiara etortzen den jendea.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak hainbat bisita gidatu antolatu ditu Aste Santura begira eta, orokorrean, erantzun ona izan dutela aurreratu dute turismo bulegotik, nahiz eta ostiralerako iragarrita zeuden batzuk bertan behera utzi behar izan ziren itsasoaren egoera zela medio.
Bisitarien aldetik, ezin aipatu gabe utzi ostiraletik hona Zumaian izan den irlandar karabanisten talde handi bezain koloretsua. Ostiralean etorri ziren Zumaiara eta hasiera batean kanpinean eman zieten ostatua, baina baita handik bidali ere, beraien jarrerarekin arazoak sortu zituztelako. Hala adierazi du kanpineko zuzendaritzak Facebook bidez. Ordutik, Estazioko industrialdean egon dira akanpatuta. Herriko zenbait tabernatako bezero ere egin dira egun hauetan, eta ertzainak behin baino gehiagotan etorri dira hauek sortutako arazoak direla eta. Beste tabernari batzuekin hitz eginda, hauek ez dute haien inguruko kexarik. Herritar batzuk, bai, kexu dira duten jarrerengatik eta hala adierazi dute sare sozialen bidez. Zalantzarik ez da bisitari hauek zer esana ematen ari direla Zumaian.