Santelmoak18

Unai Manterola: “Bertsolariak lan egin dezan, gai-jartzaileak ere bere lana ongi egin behar du”

Baleike 2018ko api. 4a, 16:14

Duela 13 urtetik Orion bizi da Unai Manterola apaiz zumaiarra, eta hain zuzen, han hasi zen gai-jartzaile lanetan Orio eta Zumaiaren arteko herrien arteko txapelketa batean. Azken hiru urtetan, berriz, San Telmo jaien bezperako bertso saioan izan da gai-jartzaile. Aurtengoa laugarrena izango du, eta bertso saio on bat ateratzea du helburu. Emanaldia ostiralean izango da, Aita Marin, 22:30ean hasita.

Santelmoetako bertso saioan laugarren aldiz izango zara gai-jartzaile lanetan. Zer moduz daramazu protagonismo hori?

Protagonismoa deitzea agian asko izango da, baina beno, nire lanagatik jendaurrean egote hori egunero egiten dudan zerbait da. Beraz, alde horretatik ez du arazorik. Jendaurrean hitz egitea erraz egiten dudan gauza bat da. Gaiak pentsatzea da lanik zailena.

Lehen entzule bezala joaten zinen festen hasierako saio honetara. Nola egin duzu salto eserlekutik oholtzara?

Urte pila batean joan naiz entzule gisa, bai. Aurkezle lanetan Orion hasi nintzen duela hamar bat urte, eta Zumaian lehen aldiz Gabonetan egiten den gazteen saio batean izan nintzen gai-jartzaile. Handik santelmoetakoa egiteko deitu zidaten eta horrela segitzen dut.

Nola prestatzen dituzu gaiak?

Edozein saioetarako gaiak prestatzeko gai-jartzaileak ongi informatuta egon behar du. Euskal Herriko eta munduko gaiez gain, kasu  honetan, herriko informazioa ezagutu behar da. Horretarako Baleike tresna egokia da, adibidez. Saio honek dituen ezaugarriak aztertuta, Zumaiako bizimodua ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait. Nik Zumaian ia larunbatero afaltzen dut koadrilarekin eta astean bitan ere etxean bazkaltzen dut, beraz, Zumaiako berri badut. Festen hasierako saio batean ezin dira gai transzendentalak edo zabalegiak bakarrik erabili. Herriko kontuak ere garrantzitsuak dira.

Ongi informatuta egon ondoren, zer?

Behin informatuta egonda, gai horiek nondik nora heldu ere jakin behar da. Horrek beste lanketa bat ekartzen du, eta horretan ari naiz aste honetan. Normalean paperen batean apuntatuta izaten ditut gaiak, beti dut ideiaren bat bueltaka aspalditik. Baina eseri, eta eginkizun horretan jartzea aste honetan egiten ari naiz.

Zein dira zuretzako gai gustukoak?

Bertso saio batek denetik izan behar du. Batzuetan pasatzen da zuk serio planteatu duzun gai bat bertsolariek umoretik jorratzen dutela. Horregatik, norbaitek gai bat pentsatzen duenean, gai horrek izan dezakeen ibilbidean edo garapenean ere arreta jarri behar du. Gai bat garatzeko zaila bada, ez da ona. Bertsolariak lan egin dezan, gai-jartzaileak ere bere lana ongi egin behar du. Saioa ez bada ona izan erraza da gero errua bertsolariei botatzea, baina ez da beti horrela izaten. Gai txarrekin bertso saio onak ere atera dira, baina ahal baldin bada gai onak izan behar dira.

Jendaurrean hitz egitera ohituta zaude, beraz, jendearen iritziei, esamesei, kritika on eta txarrei ohituta zaude?

Saioa amaitzean jendeak beti komentatzen dit zer iruditu zaizkien gaiak, eta txarrak direnean balio dizu hurrengo batean gehiago saiatzeko. Ni ez naiz gai-jartzaile profesionala, urtean gehienez bizpahiru aldiz jarriko ditut gaiak, baina beti ikasten duzu jendeak esandakotik. Hori bai, denekin asmatzea ere ezinezkoa da. Hala ere, inork ezer esan baino lehen norberak sumatzen du nola doan bertso saioa. Jendearen txaloek, isiltasunek… asko esaten dute.

Gustura zaude Zumaian orain arte egindako saioekin?

Bai. Zumaiako publikoa oso beroa da. Santelmo aurreko saio horretako publikoa beti antzekoa da, eta giro oso ona egoten da. Badaude publiko hotzak, eta bertsolarientzat hori ere ez da atsegina. Publikoa hotza denean ez dakizu gustatu den edo ez. Baina Zumaiako kasuan publiko oso fidela dugu.

Nola antolatzen duzu saioa?

Nik eskema oso zehaztuta eramaten dut. Hau da, bertsolari bakoitza zenbat aldiz altxatuko den guztiek bertso kopuru berdina kantatu dezaten, ez daitezen egon denbora asko eserita… Guzti hori oso ongi kontrolatuta eramaten dut. Txandak orekatzen saiatzen naiz, eta gaiak prestatzerakoan ere zein bertsolari izango diren ere kontutan hartzen dut. Niretzat gai-jartzailearen lana ongi egin beharreko lana da, eta saiatuta ere ez da beti asmatzen, baina gutxienez serio hartu behar da lan hori. Ez da jolasa. Sei profesional doaz lanera, eta horiei zor zaien errespetuagatik eta baita entzuleei ere, lana ongi egin behar da.

Santelmoetako kartela beti egoten da bertsolari ezagunez betea. Aurtengoa ere ederra da; besteak beste, Euskal Herriko txapeldun berria ere, Maialen Lujanbio, bertan izango dugu. Nola eragiten du horrek zure lanean?

Bertsolari onak izateak nire lanerako abantaila bat du, eta da nik jarritako gaiak hobetzeko aukera gehiago dagoela. Gai txarrenari ere ongi kantatzeko gai dira. Horrek ez dit nire eginkizuna lasai hartzera eraman behar baina lasaitasun bat ematen du.

Gairik aurreratzerik, bai?

(Barrez) Ezta pentsatu ere! Gairen bat egongo da aurreko urteetako batean erabili dudana, baina beste modu batean aurkeztuko dut. Azkenean zeresana ematen duten gaiak errepikatu egiten dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide