Santelmoak18

Jose Angel Morak igoko du bandera igandean

Baleike 2018ko api. 5a, 12:29

Argazkia: Jose Angel Mora erdian Arbustaingo kide diren Jexux eta Joxe Ramonekin.

Urtero moduan, arrantzale ohi batek igoko du santelmoetako bandera igande gauerdian. San Telmo martxarekin lagunduta, Jose Angel Morak izango du eginkizun hori egiteko ardura. Festak eztanda egingo du momentu horretan, eta jakitun da Mora bera ere. “Urduri nago, baina momentua iristen denean, Kofradia aurrean egoten den giroarekin, gogotsu igoko dut bandera” aitortu du.

Bandera igotzeko aukeratua izan zela jakin zuenean, Jose Angel Moraren hasierako erreakzioa ezezkoa esatea izan zen. Baina emaztearekin hitz egin ondoren, Kofradian izango da azkenean. “Berak animatu dit, eta nahiz eta urduri nagoen, igandean gogotsu egongo naiz”, adierazi du.

Festetako momenturik garrantzitsuenetarikoa da banderaren igoera. “Herri guztia egoten da. Urte askoan behean egondakoa naiz, eta orain balkoira igotzeak errespetua ematen dit”, aipatu du.

Arroa Behean jaio zen Jose Angel Mora duela 70 urte, eta hiru urterekin Txikierdira etorri zen bizitzera. Betidanik gustatu izan zaio itsasoa eta arrantza eta oso gazterik izan zuen itsasora lan egitera joateko aukera. “Zumaiako tornu enpresa batean lanean ari nintzela, Bartzelonan bizi zen apaiz zumaiar bat etorri zitzaidan lan eskaintza batekin. Transatlantiko batean lan egiteko jendea behar zutela esan zidan”, gogoratu du. Sukaldean laguntzaile gisa lan egiteko eskaintza zen, eta etxera joan zenean, amak ideia hori burutik kendu zion. “Transatlantikoak Bartzelona-Coruña-Azoreak ibilbidea egiten zuen, baina amak ez zuen nahi hara joatea” kontatu du.

Itsasoan lan egiteko arrak ordea hor jarraitzen zion, eta 25 urterekin, Getarian hasi zen lanean. Etxegoien barkua izan zen bere lehen arrantzuntzia. Handik Piedad-era joan zen, eta horren ondoren Exekiel-era. “Coruña ondoan ginela, arrezife baten aurka jo eta hondoratu egin ginen. Gauez gertatu zen ezbeharra eta hiruzpalau orduz egon ginen bengalak botatzen Gurutze Gorria eta Guardia Zibila etorri ziren arte. Zorionez ez zen ezer gertatu. Gainera, han inguruko herriko jendea oso ongi portatu zen gurekin; arropa eta janaria eman ziguten”, adierazi du.

Gertaera horren ondoren, Exekiel-eko arrantzaleak Getariako beste barkuetara joan ziren lanera. Banaketa hori zozketa bidez erabaki zen eta Morari Santa Lucia tokatu zitzaion. “Baina Maria Dolorosa-n falta gehiago zegoela, eta azkenean, hara joan nintzen”. Jubilatu aurreko azken bi urteak egin zituen bertan, eta duela hamar urte erretiratu zen 60 urterekin.

Arrantza utzita, bizimodu lasaia darama egun. Ez du txalupa txikirik baina noizbehinka kanaberarekin joaten da arrantza egitera. Iganderako urduri egon arren, pozik dago eta emaztearekin batera joango da Kofradiara. “Bartzelonan bizi den semea ere etorriko da”, aipatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide