Hondakinak Biltzeko Sistema Berria indartzeko sentsibilizazio kanpaina egingo da Zumaian apirilaren 16tik 21era

Urola Kostako Udal Elkartea 2018ko apirilaren 6a

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du datorren astetik aurrera “herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko”.

Urola Kosta Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, momentuz ez daude datu fidagarriak eskaintzeko tenorean. Hori bai, hasiera “gorabeheratsu” baten ondoren, “zerbitzua egonkortzen” ari dela eta joera goranzkoa dela azpimarratu dute. Era berean, herritarrak egiten ari diren “esfortzua eta saiakera” txalotu nahi dute.

Saiakerak saiakera, sailkatze portzentajeak hobetzen jarraitzeko beharra azaldu dute eta horretarako herritarren eskura baliabideak jarriko dituztela iragarri dute. Hor kokatzen da datorren astean hasiko den eta bost udalerrietara bideratuko den sentsibilizazio kanpaina. Hiru ekimen prestatu dituzte: kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinentzako tailerrak.

Kalez kaleko sentsibilizazioa

Ingurumen hezitzaileak gerturatuko dira udalerrietara, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Edukiontziak dauden puntuetan izango dira, eta bisita hauekin herritarren kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte zaborrak sailkatzera doazen une berean. Zumaian apirilaren 16tik 21era bitartean egingo da. 

Udalerri bakoitzean lau hitzaldi ematea aurreikusi dute, eta kasu honetan ere, herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da helburua. Hitzaldi horietan hondakin ezberdinak nola sailkatu landuko da, oinarrizko ezagutza guztiok dugun arren gai konkretuekin zalantzak sortzea ohikoa baita, era berean, ongi edo gaizki bereizteak izan ditzaken ondorioez hitz egingo da, eta nola ez, herritarrek izan ditzaketen kezka zehatzak lantzeko aukera ere egongo da. Oro har, ordubeteko iraupena izango dute, eta arratsaldeko azken orduan egingo dira egunean zehar lanean dauden herritarrei parte hartzeko aukera emateko. 

Kolektibo ezberdinentzako tailerrak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berrian badira kolektibo bereziak, ez aparteko garrantzia daukatelako, euren jardunak etxeetan baino zabor gehiago sortzen duelako baizik. Merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako. Ez dira kasu bakanak, badira euren ezaugarriengatik bestelako kolektiboek baino arreta gehiago eskatzen dutenak: adineko jendea, elkarte gastronomikoak, hondakinak sailkatzeko kulturarik izan ez duten kolektiboak, jende multzo handiarekin lan egiten dutenak, eta abar.

Hori dela eta, kolektibo hauei bideratutako tailerrak antolatu dira Urola Kosta Udal Elkartetik. Daten berri datozen egunotan emango dela adierazi dute Mankomunitatetik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide