BIDEOA: Urolak gainezka egin du Torrontegi baserriaren parean

Baleike 2018ko apirilaren 11

Gaur arratsaldean Urola ibaiak gainezka egin du Oikian, Torrontegi baserriaren parean. Urak gorantz egin du arratsalde osoan zehar, eta baserriko mandiotik lanabesak jaso dituzte, gauez uraren maila oraindik ere gorago egingo duen beldurrez.

Ez ditu ezustean harrapatu, zoritxarrez. Ujalak daudenean, Urolak gainezka egiten duen lehen puntua izaten da Torrontegi baserriaren aurrealdea. Ibai ondoko baratzeak eta zelaiak segituan bereganatzen ditu  urak. Arratsaldeko ordu biak aldera ohartu da Rafael Manzisidor ibaiak gainezka egiten hasi dela. "Orduz geroztik gora eta gora ari da, eta aurreikuspenak dio euria egiten segiko duela". Horregatik, mandioan dauzkan trasteak eta lanabesak jasotzen harrapatu dugu. "Ez da lehen aldia eta guk ezin dugu besterik egin, gauzak jaso eta ez dadila ezer gertatu".

Narrondo izaten da errekak gainezka egiten duen beste puntua, baina oraingoz bere bidetik doa ura, nahikoa gura datorren arren. Itsasgora goizaldeko hirurak aldera izango da.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide