Darahli18

Darahli18ko oroitzapenak: "Hango jendearen determinazioa eta indarra ikustea onuragarria iruditu zitzaidan pertsona hobea bihurtzeko"

Molly Bux 2018ko api. 18a, 20:32

Pasa berri ditugun santelmoek agian baretuko zituzten desertuan izandako bizipenak, baina, zertxobait ukituta, berriro azaleratuko dira. 90 lagunez osatutako taldea sahar errefuxiatuen kanpalekuetan izan ziren pasa den Aste Santuan, Darahli18 bidaian. Gazte horietako bat Molly Bux izan zen. Eguneroko edo oroitzapen moduan testu hau idatzi du. Peio Romatetek ateratako argazkiekin jantzi dugu idatzia.

Martxoak 23an, ostirala, hainbat ikasle eta begirale autobus batean Bilboko aireportura joan eta hegazkin batean Tindufera abiatu ginen, Aljeriara. DBH 4ko ikasleak urtebete pasa jardun ginen Sahararen aldeko proiektuak egiten. Kanpalekuetara joateko aukera izan genuen ikasle guztiak oso pozik geunden bidaia paregabe hura egiteko, eta ziur nago begirale guztiak ere berdin sentitzen zirela berriro joateko aukera izanda.

Tindufen dauden saharar errefuxiatuen kanpamentura bidean nengoen, eta oraindik sinestezina iruditzen zitzaidan, denbora asko nenbilelako hara joateko desioz. Hegazkineko bidaia luzea izan zen, bizpahiru ordu ingurukoa, eta denbora poliki pasatzen zen denon urduritasunaren ondorioz. Gauerdi aldera iritsi ginen Tindufeko aireportura, eta beste ordubete autobusean egin ondoren, Zugera iritsi ginen. Ni jada erdi lo nengoen autobusean. Baina, iritsi ginela entzutean indarberritu eta animoz beteta irten nintzen. Dairan utzi gintuzten. Gaua argitzeko zeruko izarrak eta ilargia bakarrik genituen. Ez nuen zerua ikusteko aukerarik izan gau hartan, motxilak aurkitu eta haima banaketari ekin ziotelako. Haima bakoitzeko bost ikaslez eta begirale batez osatutako taldeak eginda zeuden, eta gure familia izango zena aurkeztu ondoren, beraien haimarantz habiatu ginen. Iritsi ginenean logelara eraman gintuen gure etxeko amak. Edozerren beharra eduki ezkero berari abisatzeko esan ondoren gelatik irten zen. Sei sofa txiki elkarren ondoan zeuden jarrita; haiek izango ziren gure oheak. Kortina batez estalitako irteeraren hurbilen zegoen sofa aukeratu nuen, eta baita segituan lo hartu ere, beraiek utzitako manta lodi batez estalita.

Hurrengo goizean gure etxeko amak esnatu eta gosaria ekarri zigun. Esnea, Cola Caoa eta ogia ekarri zituen beste gauza batzuekin batera. Gosaltzeko beste zerbait nahi bagenu berari eskatzeko esan zigun, berak erosiko zuela. Gurekin hizketan jardun zuen gosaltzen genuen bitartean eta handik gutxira familiako beste hainbat lagun sartu ziren logelara gu ezagutzeko. Beraien izenak ikasten hasi nintzen. Gure etxeko amaren izena Nayma zen, lau seme alaba zituen: gu baino bi urte gazteagoa zen alaba Jadiyetu (Jadi eskatzeko eskatu ziguna), hamabi urteko Mohamed, Sidahmed lotsatia (Daha izenez ezagutu genuena) eta etxeko gazteena, Min bihurria. Beraien aita Bani zela esan zigun Naymak, baina beranduago ezagutu genuen.

Beraien lehengusu eta lehengusinak ere etorri ziren eta beraiekin hizketan jardun genuen denboraldi batez. Nayma, Jadi eta Mohamedek gazteleraz hitz egiten ziguten eta goizean genuen bilerara joaten lagundu ziguten. Bilera hartan hurrengo pare bat egunetan zer egingo genuen esan ziguten: elektrizitate taldekoak beraien proiektuarekin hasi behar ziren lehenbailehen, eta beste guztiak dairaren pintaketarekin.

Arratsalde hartan gela berean elkartu ginen hangoekin eta bidaiari hasiera emateko ospakizun bat izan genuen. Dantza taldekoak euskal dantzak egin zituzten, alkateak eta hango alkatesak pixka bat hitz egin zuten guztiontzat eta beraiek abesti batzuk abestu zituzten. Emanaldia amaitzean gure haimetara itzuli ginen.

Bi egun jardun genituen pintaketa lanak egiten. Daira edo udaletxea pintatu genuen gehienek, elektrizitate taldekoak egin beharrekoa egiten jarraitu zuten eta margoketa taldekoak han zegoen umeen eskola bateko paretetan marrazkiak egiten jardun zuten.

Pintaketa lanak bukatzean beste hainbat gauza egin genituen: pertsona interesgarrirekin hitzaldiak izan genituen, hango radio eta telebista gunea ikusi genituen, eta umeentzat jolasak antolatu zituzten kirol eta eskola taldekoek. Niretzat bidaiaren oroigarri garrantzitsu bat Nelson Mandelaren biloba eta bere emaztearen hitzaldia entzutera joatea izan zen. Hango jendearen determinazioa eta indarra nire begiekin ikustea guztiz onuragarria iruditu zitzaidan pertsona hobea bihurtzeko eta besteen errealitatea ikusten laguntzeko.

Museo batzuetara ere joan ginen eta, nahiz eta iaz ezagutu sahararren historia, gerran erabili zituzten bonba eta beste hainbat tresnak ikusteak beraien sufrimendu ikaragarria berriro ere imajinatzeko erabili nuen, dena atzean utzi beharra eta zure lurraldetik ihes egin beharra bizirik jarraitzeko.

Ospitale bat ere bisitatu genuen. Han Rossana Bonettik beste hitzaldi bat eskaini zigun. Bere lanaren buruz hitz egin zigun eta bidaiako momentu hunkigarrienetarikoa iruditu zitzaidan. Berak zaintzen zituen ume batzuk ezagutu genituen eta haur horiek pozik ikusteak bihotza alaitu zidan.

Ostiralean inaugurazioa izan genuen eta bertan laguntza banatu zuten. Esate baterako, eskolako materiala eta familiei ematen zaien diru laguntza. Guztiok batera abesti batzuk kantatu genituen eta dantza taldeko batzuek agurra egin zuten.

Hurrengo egunean merkatura joan ginen eta hainbat gauza erosi genituen. Ondoren dunetara joan ginen eta balorazioa izan genuen han. Jadanik agur esatea bezala zela genekien, hurrengo egunean itzuliko ginelako, tristura handia ematen zuen hortaz pentsatzeak nire familiakoak bihurtu zirela sentitzen nuelako, bai nire haimako familia eta baita nirekin haiman zeuden neskak, beraiek gabe bidaia osoa ezberdina izango zela nekielako.

Hurrengo egunean itzuli ginen, familia agurtu ondoren, gure bihotzaren zati bat atzean utzita. Hain egun gutxietan erakutsi ziguten maitasun eta laguntasuna inoiz ezin izango dut ahaztu, nahiz eta sufritzen egon irribarre bat dutelako aurpegian eta itxaropenez betetako bihotzak dituztelako.

Eskerrak eman nahi diet Darahli elkartekoei aukera paregabe hau emateagatik eta munduaren beste aldean dauden pertsona bihotz oneko hauek ezagutarazteagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide