Internetek eta sare sozialek duten eragina landu dute Oikian

Baleike 2018ko apirilaren 23a

Ekainaren 10a egun handia izango da Oikian eta, nola ez, Zumaia osoan. Egun horretan Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko da auzoan. Batzordeak dagoeneko bete-betean daude egun horretako ekitaldiak antolatzeko lanetan. Larunbatean, motorrak berotze aldera, ekitaldi berezia izan zuten Oikian, jardunaldi pedagogikoak egin baitziren auzoan. 

Urtero, festa antolatzen den herrian bertan, Gipuzkoako Eskola Txikietako gurasoentzat Jardunaldi Pedagogikoak antolatzen dira. Aurten, VIII. Jardunaldietan Oikiak egin du anfitrioi lana eta kontu digitalak izan dituzte hizpide. Parte-hartze zabala izan zuen auzoko eskolan egindako jardunaldiak.

Internetek eta sare sozialek gure bizimodua erabat aldatu dutela garbi dago. Sare handiak gazteengan duen eraginak kezka ugari sortu dituzte familien artean, eta baita irakaskuntzan aritzen direnen artean ere. Horren aurrean gurasoek zer neurri hartu behar dituzten hitz egin zen, baita helduek duten ezagutza sakondu beharra ere arlo horietan. "Hamaika hari-mutur jarri zituzten mahai gainean ikastaroa ematera etorri ziren Amaia Romerok eta Eneko Tejadak, biak EHUko Bilboko Hezkuntza Falkultateko irakasleak", adierazi dute jardunaldien antolatzaileek.

Harremanak sendotzen
Gipuzkoa osotik etorritako 40 lagun inguru bildu ziren Oikiako eskolan eta interes handia erakusteaz gain, eguneroko adibidez jositako parte-hartzea izan zen etengabe. "Horrelako hitzorduetan ohikoa denez, elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko baliatu zuten kafe ordua, azken finean, Eskola Txikietako gurasoen sareak horixe baitu helburu nagusietako bat", aipatu dute antolatzaileek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide