Ikastaroa antolatu dute helduek bizikletan ibiltzen ikas dezaten

Baleike 2018ko apirilaren 25a

Ezkerretik, Gotzon Enbil, Marisol Garmendia eta Oier Korta.

Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatutako ekimena da. Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran egingo da, eta izen-ematea zabalik dago.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatuta, bizikletan ibiltzen ikasteko kurtso labur bat egingo da herrian. Ikastaro hau 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta bi asteburutan egingo da, maiatzaren 26an eta 27an, eta ekainaren 2an eta 3an, hain zuzen ere. Saioak Zumaiako Herri Eskolako patioan egingo dira. Izen-ematea zabalik dago jada Lubaki kiroldegian. Jarduera doan izango da.

Hirugarren urtez antolatuko ditu Aldundiak mota honetako ikastaroak. Aurrez, Errenterian eta Eibarren egin dira, «emaitza oso onekin», azaldu du Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak atzo goizean egindako aurkezpen ekitaldian. Berekin izan da Oier Korta Zumaiako alkatea. Zumaian egingo diren saioak aurtengo lehenak izango direla ere adierazi du, baina beste ikastaro gehiago antolatzea ez dute Aldunditik baztertzen.

18 urtetik gorako pertsona orori zuzenduta badago ere, berez, adineko jendean pentsatuta antolatu da. “Adineko askok ezin izan dute bizikletan ibiltzea ikasi, edo urteak daramatzate bizikleta batean muntatu gabe, eta horrek segurtasun arazoak sortzen dizkiete”, gogoratu du Garmendiak. Bizikletan ibiltzea jarduera osasuntsua dela adierazi zuten ekitaldian zehar diputatuak eta alkateak. “Mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintza ona da bizikletan ibiltzea. Ez ditugu bizikletan ibiltzeak sortzen dituen onurak ezagutzen. Oinez edo kotxez ibiltzen gara gehienbat. Bizikleta, berriz, gailu erosoa eta jasangarria da. Gure ingurunea, gainera, egokia da horretarako. Gurea baino leku euritsuagoetan arrakasta badu, hemen zergatik ez du izango?”, nabarmendu du Kortak.

Informazioa

Zumaian maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran egingo den ikastaro hau Herri Eskolako patioan egingo da. Euria egingo balu, eskola bertako frontoira eramateko aukera izango litzateke. Saioak Gurpilartea elkarteak eskainiko du, eta bertan, bizikleta gainean ibiltzea erakusteaz gain, bizikleta mantentzeko oinarrizko irakaspenak emango dira, eta baita bide segurtasunerako eta zirkulazio zein bizikidetza arauetarako elementuak eta gomendioak ere.

Hori guztiaz gain, parte-hartzaileek Energiaren Euskal Erakundeak utzitako bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute.

Izenak Lubaki kiroldegian eman ahal izango dira, maiatzaren 25era arte, eta doan izango da. Ikastaroaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, info@lubaki.eus helbide elektronikora mezuak bidali daitezke.

Ikastaroa Bizikletaren Plan Estrategikoko ekintzetan kokatzen da, eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak babesten ditu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide