Zumaiak hiru ontzirekin hartuko du parte Gipuzkoako trainerilla ligan

Baleike 2018ko apirilaren 26a

Batel liga amaituta, trainerillen txanda heldu da. Asteburu honetan hasiko da Gipuzkoako trainerilla liga, larunbatean Orion jokatuko den lehen jardunaldiarekin. Zazpi jardunaldik osatuko dute aurtengo liga. 

Zumaiak hiru ontzi aurkeztuko ditu Gipuzkoako trainerilla ligara, hirurak ere gizonezkoetan: bi senior mailan, eta hirugarren bat jubeniletan. Emakumezkoetan ez da gai izan ontzi bat osatzeko, jubeniletan batela uretaratu duten arren. 

Esan bezala, zazpi izango dira ligaren barruan jokatuko diren jardunaldiak: 

Apirilak 28, Orion.
Apirilak 29, Pasai Donibanen.
Maiatzak 1, Pasai Donibanen.
Maiatzak 5, Donibane Lohitzunen.
Maiatzak 6, Getarian.
Maiatzak 12, Hondarribian.
Maiatzak 13, Zarautzen.

Neska kadeteak ez doaz Vigora

Asteburu honetan Espainiako batel txapelketa jokatuko da Vigoko itsasadarrean. Kadete mailan Euskadiko txapelketa irabazi duten neskak ez dira bertan izango. Izan ere, maila horretan, kadetetan eta 1.500 metroko distantzian, ez da Espainiako txapelketarik jokatzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide