Gaztetxeko asteburua ekitaldiz beteta dator

Baleike 2018ko apirilaren 27a

Gaur hasi eta astelehenera bitartean makina bat ekitaldi izango dira Zumaiako Torreberri Gaztetxean: hitzaldia, ospakizuna, asanblada, kontzertua... Aspertzeko denborarik ez dute izango. 

Hasteko, gaur, ostirala, maiatzaren 1aren atarian, Iparra taldeak antolatutako hitzaldia izango da. Iraitz Arizkorretak langile klasearen gaur egungo egoeraz hitz egingo du. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.

Bihar, larunbata, goizeko 10:00etan hasita, hileroko asanblada izango dute. Bertan, maiatzeko egitarua fintzen saiatuko dira. Horrez gain, Gaztetxeko funtzionamenduaz eta epe laburreko erronkez ere hitz egingo dute. Amaitzeko, Gaztetxea txukunduko dute auzolanean.

Arratsaldean, Greyline Tatooren ospakizuna izango da, hiru urte betetzen dituztela eta. Luntxa, zozketa eta General Lee rockabilly taldearen kontzertua izango da. Hau guztia 19:30etik aurrera.

Asteburuarekin amaitzeko, astelehenean, hilaren 30ean, eta 20:00etan hasita, Cadizeko Gente Mayor noise rock taldearen, eta Lebowski postpunk talde italiarraren kontzertua izango da. Sarrera 5 euro izango da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide