Zumaiako pilotariek Herriarteko txapelketan hartuko dute parte

Baleike 2018ko apirilaren 29a

Aste honetan aurkeztu da aurtengo Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa. Bertan hartuko dute parte Zumaiako pilotariek, txapelketa hau banatzen den lau modalitateetatik hirutan. 

Lau modalitatetan jokatzen da Herriarteko txapelketa, eta, esan bezala, hirutan izango da Zumaiako pilotarien partaidetza: eskuzkoan, zesta puntan eta palan gomazko pilotarekin. Larruzko pilotarekin jokatutako pala txapelketan ez da zumaiarrik izango. 

Eskuzkoan eta zesta puntan, kadete, jubenil eta nagusiak arituko dira Zumaiako kirol elkartearen izenean. Gomazko palan, berriz, nagusiak bakarrik arituko dira, hori bai, horren barruan jokatuko diren partidatan: banaka kantxa osoan, binaka kantxa osoan, eta banaka zazpi koadroen barruan (24,5 metro).

Eskuzko txapelketan 18 herrik hartuko dute parte. Joan-etorriko bi jardunaldiko kanporaketa sistemarekin jokatuko da. Modalitate hau maiatzaren 6an hasiko da eta finalak ekainaren 30ean izango dira.

Gomazko pilotarekin jokatutako pala txapelketa maiatzaren 13ko asteburuan hasiko da, eta finalak ekainaren 24an izango dira. 16 herrik hartzen dute parte hemen. Aurrekoa bezaka, joan-etorriko bi jardunaldiko kanporaketak izango dira. 

Zesta punta txapelketan, berriz, lau herrik bakarrik hartuko dute parte. Denak elkarren aurka arituko dira, ligaxka moduan. Finalak ekainaren 24an jokatuko dira. 

Zumaiarrei dagokionez, hauek izango dituzte lehen norgehiagokak:

  • Eskuz, Zumaia–Donostia. Maiatzaren 6ko asteburuan, Aitzurin.
  • Zesta puntan, Zumaia–Mutriku. Maiatzaren 13ko asteburuan, Aitzurin. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide