68 kilometro, Zubirin hasi eta bukatu; 4.000 metroko desnibel positiboa; eta sei mendate: Adi (1.456m), Saioa (1.418m), Zuriain (1.408m), Artzeki (1.100m), Goitean (1.235m) eta Baratxueta 1.150m). Horixe larunbatean Nafarroa Xtrem mendi lasterketan bildutako 316 korrikalariek gainditu beharreko erronka.
Lana bukatzeak badu nahikoa meritu, baina, zer esanik ez, Leire Baraibarrek egindako denbora eta postu bikainak. Bederatzi ordu baino gutxiago behar izan zituen Baraibarrek ibilbidea osatzeko –9:16:47 zen emakumeen aurreko marka–, eta bigarren postuan sailkatu zen, Abadiñoko Silvia Triguerosen atzetik (8:41:29).
Gizonezkoen artean ere bazen zumaiarrik. Pedro Etxeberria (7:52:44) 11. sailkatu zen, Mikel Astarloa (9:49:25) 110. izan zen, eta Xabier Aldalurrek (9:49:26) 111 postuan amaitu zuen.
33 kilometroko proban, Mikel Etxeberria (3:07:02) 12. izan zen.
Bestalde, Pagoeta eta Izarraizko mendi lasterketak ere jokatu dira asteburuan. Lotura hauetan ikus ditzakezue sailkapenak, tartean, parte hartu zuten zumaiarrenak.