Maiatzak 1: LABek eskualdeko manifestazioa Zumaian egingo du

Baleike 2018ko apirilaren 30a

Bihar Langilearen Eguna da, eta Urola Kosta eskualdeko LAB sindikatuak Maiatzak 1eko mobilizazioak Zumaian egingo ditu. Lan, bizi eta herri duina lelopean manifestazioa egingo da bihar eguerdian, 12:00etatik aurrera, Beheko plazatik abiatuta. 

Zumaiako herriak azken garaian "kolpe gogorrak" jaso dituela adierazi du sindikatuak, "eta hori gutxi ez, eta agintariek hartzen dituzten erabakiek ez dute laguntzen". "Arantxa Tapia bizilagun duen herrian Xey bezalako enpresaren itxiera bizi izan dugu, Lagun Artean gainbehera, GKNren salerosketa kezkagarria, ... eta hori gutxi ez eta turismoaren leherketak ostalaritzan edo beste sektore batzuetan egoera larritu besterik ez du egin. Udal zerbitzuak pribatizatzen jarraitu nahi dute eta gainera kalean salaketa egin nahi duen oro isilarazi nahi dute garbitasunaren aitzakian".

"LABetik lan eta bizi duina bermatzea da exijitzen duguna, ez eliteen mesedetan agintzea. Langileok hamarkadetan lortu ditugun garaipen sozialak kolokan jartzen ari dira, lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ari dira", gaineratu dute sindikatutik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide