Amatasun moduak aztertzen dituen erakusketa zabaldu du Txaro Arrazolak Alondegian

Baleike 2018ko apirilaren 30a

Argazkia: Juanma Gurrutxaga

Txaro Arrazolak Borrados y desapariciones erakusketa multimedia zabaldu zuen pasa den ostiralean Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa hau maiatzaren 13ra arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Jaiegunetan ere zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara. 

Arrazola berak honela definitzen du erakusketa: 

Erakusketak amatasun modu batzuk aztertu nahi ditu, tartean amatasun eza, edo alokatutako sabela edo “haurduntza subrogatua”deitutakoa; eta alderdi bitxi eta konplexu hau ere bai: emakume izanik kontzienteki erabakitzea ama ez izatea. Azken hori da gehien hunkitzen nauena, horixe bizi izan dudalako. Emakume garen aldetik gure jomuga bakarra ama izatea bada, zer eta nor naiz ni seme-alabarik ez badut? Euskaraz emakumea (eman+umea: “haurrak ematen dituena”) hitzaren esanahiak kontu hori berresten du. Erabilitako bitartekoak hauek dira: marrazketa, pintura, argazkia, bideoa eta instalazioa.

Beraz, obra hauek amatasunaren inguruko gogoetak dira, besteak beste. Alokatutako sabelen edo haurduntza subrogatuaren gaiaren ingurukoak ere bai, negozio horren oinarrian baliabiderik gabeko emakumeen gorputzak ustiatzea dagoelako, bitartekari aritzen diren enpresak aberasteko, harremanetan jarrita bikote eskatzaileak eta premia larrian haurrak emateko prest dauden emakumeak, gorputzez eta buruz osasuna arriskuan jartzen dutenak diru nahikoa duten bikotearen edo “intentziozko guraso” deitutakoen nahia asebetetzeko: haien karga genetikoa betikotzea. Esanak esan, obra hauen atzean badaude motibazio eta tolesdura ikusezinak, nire psikearen hondo-hondotik jariatutakoak; horregatik, obren esanahia askoz zabalagoa da hitzez adieraz daitekeena baino.  

Feminismoak, atari kontzeptu den aldetik, diziplina artistikoaren eta haren diskurtso epistemologikoaren kontzeptua modu atzeraezinean eraldatzea dakar. Atari edo atalase kontzeptuala da, lengoaia artistikoen bilakaera beste era batera pentsatzera eramaten gaituena, artearen historiaren ikuskera eraldatu batera eta munduaren ikuskera berri batera ere bai. Erakusketa honek planteatzen duena da amatasunaren ikuskerari beste esangura bat ematea, eta xedetzat du naturaren aitzakiapean emakumeak alteritate posiziora zokoratzen duen nagusitasun sinbolikoa desaktibatzea.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide