Dantza maite dutenek ez dute aspertzeko betarik izango maiatzean, izan ere, aurtengo Maiatza Dantzan-eko programazioan, diziplina askotako dantzak ezagutu eta ikasteko aukera izango da. Lehendabizikoa afrikar dantzen masterclassa izango da larunbatean Torreberrin. Egun bertan Dantzazaleon eguna ere ospatuko da, eta masterclassaren ondoren, bazkaria egongo da.
Afrikar dantzen ikastaroa Anne Agirrek emango du. 2000. urtean hasi zen dantza hauek ikasten, eta ordutik bere bizitzako zati bihurtu dira. Lehen ikastaroak Piriniotan egin zituen han bizi zen Maliko andre bat irakasle zuela. Ikaragarri gustatu zitzaion, eta Urola bailaran talde bat ere sortu zuen gustu eta pasio bera zuten beste pertsona batzuekin batera.
Afrika mendebaldeko dantza egiten du Agirrek. Hau da, Ginea Konakri, Senegal, Burkina Faso, Marfil Kosta, Mali eta inguruko herrialdekoak. Baina horietatik Ginea Konakrikoa da bere berezitasuna. Hain zuzen, Zumaian bere irakaslea den Marie Toure ere herrialde hartakoa da. “Dantza tradizionalean oso ona da Marie. Irakasle asko izan ditut, baina bera bezalakorik ez”, adierazi du. Agirrek ez du dantza tradizionala erakusten. Bere iritziz, jende kualifikatuagoa dago: “batik bat bertako jendea”, esan du.
Afrikar dantzak bertako kulturaren zati handi bat dira. “Urte askotako galbahea du, tradizioa da nahiz eta urteen poderioz tradizio hori eboluzionatu egin den”, gaineratu du. Dantzen oinarrian musika dago, eta ezin dute bakoitza bere aldetik bidaiatu. “Dena bat da. Ez dute ulertzen perkusioa alde batetik joatea eta dantza bestetik. Milaka erritmo dituzte, eta erritmo bakoitzak mugimendu edo arau konkretu batzuk”, jarraitu du.
Gorputzeko estereotipoak puskatu
Agirre ofizioz berdintasun teknikaria da, eta bere lanbidean erabiltzen ditu afrikar dantzak. Nola? “Emakumeei jabetze eskolak ematen dizkiet, eta horien gorputzak oinarri hartuta, Afrika mendebaldeko dantzak erabiltzen ditut gorputzaren gainean jartzen diren estereotipoak puskatzeko”, kontatu du. Izan ere, afrikar dantzetan, tradizionalki emakumeei eta gizonezkoei ezarri zaizkien ezaugarriak puskatu edo desagertu egiten dira. “Behin dantza amaituta, ordea, sexuen arteko rolak oso bereiztuta dituzte”, gaineratu du.
Agirreren ustez, Europan ez dago gorputzaren kontzientziarik. “Enborrak ez du existitzen Europan, eta enborrean kokatzen dira gure organo bital denak”, azaldu du. Masterclassaren helburuetako bat izango da hain zuzen, gorputzaren eta honen mugimenduen ezagutza ahalbidetzea. “Hastapen maila emango dut. Erritmo tradizional bat hartu eta oinarrizko pausoak erakutsiko ditut. Aldamenean izango dut Marieren alaba. Gainera, jabetze eskoletan lantzen ditudan kontzeptuak ere azalduko ditut”, esan du.
Mundu konplexua dela gaineratu du, “baina garrantzitsuena Afrikako kulturari, jendeari eta beraien dantzei errespetua izatea da”, nabarmendu du. Agirrerentzat bereziak dira dantza hauek. “Lehen aipatu dudan guztiagatik: erritmoa, gorputzaren mugimendua, musika... Baina batez ere, maskulinitatearen eta feminitatearen desagerpenagatik. Hori oso ederra da, eta hain zuzen horrek ematen dio dantzari horrenbesteko indarra”.
Masterclassean izen emateko azken eguna asteazkena izango da. Astinduko bazkideek doan izango dute, eta gainerakoek 15 euro ordaindu beharko dute. Izen emateko Alondegira jo daiteke, edo astindu.zde@gmail.com // kulturetxea@zumaia.eus helbideetara mezu bat bidali. Masterclassa 09:30etatik 12:00etara izango da, eta ondoren, bazkaria egongo da. Azken honetarako ere izena eman beharko da Alondegian edo goian aipatutako helbide elektronikoetan. Astindukoek doan izango dute, eta gainerakoek 15 euro ordaindu beharko dute.
Amaitzeko, Agirre partaide den Nimba kultur elkarteak, abuztuaren 6tik 12ra, dantza afro-garaikidea egiten duen pertsona bat ekarriko du Zumaiara. “Metodologia oso ona erabiltzen du, eta konturatzerako ikasi egiten duzu koreografia bat. Nahi duenak, beraz, beste aukera bat izango du abuztuan”.
Maiatza Dantzan 2018 egitaraua
Maiatzak 5 Dantzazaleon eguna
- Masterclassa: Dantza Afrikarrak: 9:30-12:00. Torreberrin.
- Bazkaria: Torreberrin.
Maiatzak 12
- Dantza klasiko ikastaroa. Irakaslea: Celline Illaramendi. Torreberrin.
10-10:45 (5/6 urtetik 8 urtera), 10:45-11:30 (9 urtetik 12 urtera), 16-18 (helduak).
- Zumba saioa. 18:30. Kantauri plazan.
Maiatzak 19 Dantzara eguna
Dantza diziplina anitzak: 18:00-20:00. Beheko plazan.
1. Hip Hop Team Wale. Irakaslea: Alazne Martinez
2. Capoeira
3. AGL dantza, Cha cha cha, Bachata eta Rueda Cubana. Irakaslea: Angel Mari Oyarzabal.
4. Lindy Hop ikastaroa. Irakaslea: Maria Peña.
Maiatzak 26
- Tik Tara & Zumb & Astindu: Emanaldia: 22:30. Ondartxo plazan.